2010-06-29

HITZ PUTEN ENERGIA


Batzuetan, nire exhibizionismoaren ondorioz-edo, nire ego asezinaren tamaina dela eta, oso frustrantea da idatzitako guztiak munduaren entropian galtzea. Hitzen bakardadea mingarria da eta nahi duzun sentsazioari ezin izenik ematea. Batzuetan poemak opariak bezalakoak dira; gustoko ez dituzun oparien antzera, ahazten diren gauzekin batera gordeta gelditzen dira. Poema honek frustazio honi buruzko gogoeta txikia dela uste dut.
Gauzak norberagatik eta norberarentzat egin behar dira... hori bai gezurra existentziala. Agian zuk lortzen duzu... esango al didazu nola? Melodia batekin hitz goxoak esaterakoan jendearen begiradak aldatzen ez direnean, edo abesti bat kantatu eta gero txalo zaparradarik ez dagoenean, zer? Afari ederra egun osoan zehar prestatzen egon eta gero, lagunek komentario bat ere ez egitean... Gol eder bat sartzean...
Nik zer dakit... agian zuk ez duzu maitasun dosi hori behar, baina ni yonki bat naiz. Hori aspaldi dakizu. Nik eskenatokira igo nahi dut.
Bat, bi, bat, bi....hiruuuuuu! bat, bat, bat....

Bernatek, beste behin ere
arrazoia daukala aitortu behar dut;
kriston energia botatzen dugu mundura
idazten dugun hitz puta bakoitzean.

Hor galdu egiten dira gero,
inork entzun gabe
gaur eguneko hatxe letra moduan.

Hor galdu egiten dira orain
inork ikusi gabe
eguzkiari zuzenean minutu batez
egon eta gero
zure begiak ikusi ezin ditudanean bezala.

Hor munduan galdu egiten dira...
emakume galduak moduan
emagalduak moduan

Kointzidentzia hutsa
hitz putak eta emagalduak
poesia berean bukatu izana.
kointzidentzia edo inkontzientzia
berdintsuak diren beste hitz puta bi.

PDFa nahi baduzu hemen daukazu.

No hay comentarios: