2010-06-25

ARGAZKI GABEKO OROITZAPENAK


Aurtengo errege egunean Eneko nire lagunari poema hau idatzi nion metroan, arratsaldean. Ez, ez dut drogarik hartu, ez nabil niri buruz hirugarren pertsonan hitz egiten. Eneko, nire lagun handienetariko bat da. Poema hau idazterakoan konturatu nintzen gu biok agertzen garen argazkirik ez dudala. Gure laguntasuna lehenaldian gelditu dela uste dut batzuetan, baina beste batzuetan bigarren aukera bat izango dugula uste dut. Zurekin ere antzeko zerbait gertatzen zait, edo ez.

Zurekin gogoratu naiz
eta idatzi dizut
eta erantzun didazu
eta Esbjörn Svensson hirukotea
entzutea bururatu zait metroan,
oraingoan zuretzat poemetan.
Esbjörnen begiak itzaliak betirako
egongo dira
eta ur azpian dagoenari begiratuko diote
mundua bukatu arte.

Zure begirada lotsatia dut gogoan
edozein herriko gaueko ordu txikietan.
Kale erdian.
Guapoena zinen beti eta guapoena zara.

Nire ondoan egon zinen.
Oso gertu
gauza txikietan beti elkar ukitzeke.

Sopelanatik pasiran
aurrean geneukanaz gozatzen
gure ansiedade eta beldurrekin
bizitzen ikasten,
maitasunaz hitzegiten
ulertzen saiatzen, sentitzen ikusten.
Kotxean kilometroak egiten.

Gurea hor gelditu zen
Esbjörn dagoen tokian,
iluntasunean, lehenaldian.
Memorian soilik argitzen du goiza
eta elkarrekin gaude berriro
eta kafesne bero baten usaina
datorkit barrura.

Agian etorkizunean
egun solte baten edo bestean
edo bizitzaren ezbeharren batean
barrez ere momentu latzetan.
Agian aurkituko gara. Agian.

Agian Maialenen ezkontzan
edo Markelenean.

Pena bat Esbjörnena. Pena itzela.
Pena bat gurea. Itzela soilik ez.

Halere altza ditzagun kopak
eta egin dezagun topa,
Gora gure argazki gabeko
egun zaparrada hura!
Gora zu! Gora bihotzak!

Muxuak, muxuak eta muxuak.

eta zure argazkirik ez dudanez
hona hemen Esbjörnena,
behean bego, itsasoan…

galduta, olatuekin dantzan.

Nahi izanez gero PDFa hemen jaitsi

No hay comentarios: