Mostrando entradas con la etiqueta herri proiektua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta herri proiektua. Mostrar todas las entradas

2012-01-27

NORBERARENTZAT


Ugok zera dio aurreko eguneko nik idatzitakoari erantzunez

Eneko:
Eta beste inork zu baino lehenago proteina horren funtzioaren erregulazioa ulertuko balu?

Ugo:
Azkeneko boladan irakurtzen nagoen liburu batean topatutako aipamen baten ispilua da guztiz, mahai gainean jartzen didazuna: "If pure scientists were motivated by curiosity alone, they should be delighted when someone else solves the problem they are working on -but that is not the usual reaction", Alan Hodgkin omen esanda. Gustatuko litzaidake esatea gaur egun, zientzialariok pairatzen dugun presioarengatik sortutako izaera bat dela, egia deskubritzera lehenengoa ailegatu nahi izatearena, baina ez da ba kontu berria; mende luzea atzera joanda, gaur egunerako ere baliagarria litzateke beste zientzialari famatu batek egin zuen hausnarketa publikoa, zientziarekiko bere maitasunaz ari zela: "love of natural science ... has been much aided by the ambition to be esteemed by my fellow scientists".

(...)

Eneko:
...ikerlarientzat, beharrezkoa da norberarentzat lan egitea...

Ugo:
Beno, ... bizitza honetan dimentsio bakarreko eremu gutxi existitzen direla esango nuke nik. Beti gabiltza gradiente ezberdinen arteko oreka bilatzen, eta nola ez, ikerkuntzan gabiltzanok ez gera salbuespen. Hiruki baten izkina batetik jakin-minak bultzatzen gaitu, beste corner batean beste zientzialarien oniritzi eta kritikek bideratzen dute nondik nora murgiltzen garen, eta azkeneko erpinean gizartea dugu, eta ikertzen gabiltzana gizartearekiko erabilgarritasuna gidatzen gaitu. Hiruetatik bakar bat kenduta, hobe genuke etxera joan, bai.

2012-01-25

NORENTZAT?


Ugok zera idatzi du hemen:

"Euskal Herrian ikerkuntzan zenbait zientzialari gabiltza. Batzuk bertokoak, beste batzuk atzerritarrak. Batzuk zentro publikoetan, edo EHUn, beste batzuk enpresetan. Batzuk medizina berrien bila, beste batzuk teknologia berriak garatzen, akaso erailtzeko bonba berri batean erabiliko direnak…

Baina, norentzat egiten dugu lan? Ziurrenik erantzuna ez da berdina izango kasu guztietan. Neure kasuan, oinarrizko biologian nabilela, gizartearentzat egiten dudala lan esan nahiko nuke, guk ikertutakoa zenbait gaixotasun hobeago ulertu eta sendatzeko balioko duela jakinda. Baina, bihotz barnetik erantzuna eman beharko banu? Nik niretzat egiten dut lan, kuriosidadea hilda! Kartografiarik gabeko mundu ezezagun batean gabiltza, azkeneko detailetxoraino bizitza ulertu nahian. Azken helmugan guk ikertutakoa balio sozial bat izango duela ziur nago. Baina gaur gauean, lo egitera noanean, proteina zehatz horren funtzioa nola demontre erregulatzen den jakin nahiko nuke. Besterik ez. Mundu osoan horren erantzuna oraindik inork ez duela. Eta nik, akaso bihar, akaso etzi, ulertuko dudala ziur nagoelako.
"

eta ni bere aurrean banengo bezala, zera esango nioke, kafe usainak banatzen duen oholezko mahaitxoaren beste aldetik:

Eta beste inork zu baino lehenago proteina horren funtzioaren erregulazioa ulertuko balu? Eta Cell edo Nature txukun eta eder batean emaitzak argitaratuko balitu? Pozik egongo al zinateke? Hobeto egingo al zenuke lo? Azken finean, zure kuriositatea asetuta legoke, eta proteina horrek nola funtzionatzen duen ulertuta gizartearen bizimodua epe luze zein labur batean hobetuta legoke. Nire aldetik zu lehena izan zaitezen espero dut. Gaur gauean hobeto egingo dut lo hala bada.

Hala ere zuk esaten duzun horretan bi esaldik bihotza lapurtu didate, nahiz eta zu nire tipoa ez izan.

Alde batetik zuretzat lan egiten duzula. Nik uste dut, orokorrean gauzak norberarentzat egiten ez direnean zoriontasuna atzean gelditzen dela, eta kimera bat izango da betirako. Ikerlarientzat, nik uste, beharrezkoa da norbere buruarentzat lan egitea, bestela akabo! besteontzat lan egiten baduzu, besteon onarpenarentzat, egoak markatutako norantza iparorratzan jarraituz gero, ez duzu bakarrik zoriontasuna galduko, baita lanera joateko askatasun eta grina hori ere.

Bestalde, mapa biologikorik gabeko mundu horren barrena zauden horrek irribarre bat ekarri du nirera. Indiana Jones itxura hartzen zaitut. Egia da markatutako biderik gabekoa dela ikerlari baten egunerokotasuna. Koska hor dago ere, eta orain diskusioa zure mapetatik hurrengo mailara eramango dut... Euskal Herriak mapak behar ditu ikerkuntza antolatzeko, planak, epeak. Gizarteak hori jakin beharko luke, ezta? Euskal ikerkuntzak norabide eta norantzak behar ditu, Atxutegik Echeniquek edo Matok zein Ochoa Olascoagak markatutakoez gain.

Zebra arraina ondo garatu al izateko, zelulek programa zehatz bat jarraitzen dute:



Collective Migration honi buruz gehiago jakin nahi izanez gero, Isak argitaratutako paper ederra hemen daukazu. Open access gainera, horrek edonork irakur dezakela esan nahi du. Beste egun batean Ugorekin zientzia argitalpen sistemari begirada bat botako diogu.

2012-01-17

HERRI PROIEKTUA


Aurreko egunean Ugori buruz zeozer aipatu nuen, eta berarekin batera proiektu bat hastear ginela ere. Ugok ez du bakarrik hitza ematen, lana egiten du ere:

Herri txikia gara, gure nazio osoak Europako hiri baten populazioa besterik ez du (Milan, Stuttgart edo Manchester antzekoa). Baina mundua jateko intentzioarekin gatoz, geure burua horrela aurkeztuz: "the Basque Bioregion, a new hub for biosciences in the south of Europe". Gako nagusiena zera da: zientzian inbertsioa egitea babesten dute euskal hiritarrek? edo aldiz, geure politikariek kea saltzen ez diren egongo beldur gaude berriz ere?

Biozientzietan nago ni lanean, Ikerbasque-k etxeratuta atzerrian 13 urte igaro ostean, orain CIC bioGUNE-n lanean, eta egunerokotasunetik neure iritzia emateko gogoz, eztabaidatzeko gonbitea egin diot Enekori.


eta hona hemen bigarren sarrera bat, egitasmo honen hasiera:

Duela gutxi ezagutu dut Eneko. Belaunaldi berekoak gera, atzerrian ibilitakoak, zientzialariak. Irratian hitz egin dugu lehenengo aldiz. Enekok zientzia alde batera utzi du bere bizitzan beste gauza batzuei lehentasuna emateko. Nik ordea neure bizitzako hainbat gauza utzi ditut alde batera zientziari lehentasuna eman diodala. Txanponaren bi aldeak.
Irratian izandako tartea ez zen nahikoa izan geure ikuspuntuak eta iritziak konpartitu ahal izateko. Horregatik elkartu gera hemen, pantailaren aurrean, elkar-hizketa bat aurrera eramateko gogoz. Ikerkuntza gure herrian bizi duen egoeraz eta etorkizunerako espero dezakeguna mintzagai hartzeko. Oraindik asko dagoelako hobetzeko, asko.

Adibidez, eta Enekok jorratutako gaiari jarraituz, gure herrian ez dagoen zientziari buruzko planifikazioaz berba egin genezake. Milioika euro gastatzen ditugu ikasleen formazio akademikoan, gero inolako lanik eskaini ezingo zaiela jakin arren. Gure herritik kanpora urteak eman ostean, puntako ikerkuntza egin ostean, emaitza eta fruitu ugari eman ostean, Euskal Herrira bueltatzea ezinezkoa da, ez baitago guztiontzako lekurik. Era berean, ez genuke ahaztu behar mundu osoan zehar ikerlari karrera nahiko selektiboa dela, piramide formakoa. Kontua eta arazoa da herri bezala inolako plangintzarik ez dagoela hemen, eta herri aurreratuetatik urrun -oraindik urrunegi- gaudela, zentzu askotan.


Horiek horrela hemendik eta Ugoren txokotik lanean arituko gara, gure arteko eztabaidak zuengana ekarriz. Badago garunean likidoz beteta dagoen toki bat; bentrikuloa deritzoguna. Bihotzaren hegoaldeak duen izen berdina duena, bai. Bentrikuloan zilioak daude korronte jakin bat sortzeko, garunaren presioa mantentzeko, garunaren plastizitatea mantentzeko. Toki iluna dela ematen du fluidoz beteriko itsaso hori, eta zilio bakoitzak plan jakin bati esker garunaren garapenaren lehen egunetik sena hil arte bere funtzioa betetzen du:


Ugok eta biok zilioak sentitzen gara, itsaso beltz batean arraunean, etengabe. Beste zilioak daudela badakigu. Hain beltza ikusiko ote dute beraiek itsasoa? Ezetz espero... ebazpideak behar ditugulako.