2010-06-28

EZIN TITULUA JARRI


Beherago aurkituko duzun beste sarreraren letaniarekin bukatzeko...

I.
Zein dimentsio izango du denak
heriotzaren aurrean?
Zerk gordetzen du garrantzia
arnasik ez dagoenean?

Eta Philip Rothek arrazoia badauka
eta hiltzerakoan
hildakoari ere soilik memoria
gelditzen ote bazaio?

Igarotako urteak betiereko
atzekoz aurrera birpasatzera
kondenatuak ote gaude-edo.
Ez al da gure hildakoekin
hemen gelditu garenok egiten duguna?

II.
Atzo berriro ere
beldurrarekin hitz egin nuen
- eta hiltzen zarenean, zer?-
esan zidan.

Oraindik dardarka nago
ahula naizelako
betierekoa izan nahi nukeelako
eta fededuna izan, ez ilusio gabekoa.
Lehoi batek
nire ausardia aperitiboz jan zuen
eskerrak azkenean lokartu nintzela.

Halere, badakit egun batzuetan zehar
beldur honekin lo egin behar izango dudala
hutsunea oso handia delako
dagoen argi gutxi honetarako.
Iluntasun horrekin ibili naiz gaur ere
eta atzera begiratu dut
eta nire itzalik ez zegoen lurrean.
Sentsazio hau hor dago,
minbizia bailitzan
nahiz eta ikusezin
beste min guztien artean izkutaturik.


III.
Otsailaren zortzian,
infinituaren bertikalean,
zortzi urte jada aita joan zela;
18:18-an itzali zen
eta iratzargailu gorriak markatu zuen
bere azken agurra.
Izeko Marisaren ondoan
hark jaso baitzuen
aitaren azkeneko airea
gogoratzen dut, gelatik irten zela
bere begietan
heriotzaren ziztada oraindik zegoela.
Orduan aitaren anaiak
amatxo, Aitor, osaba Joserra
eta denok sartu ginen
heriotzari konpainia egitera.
Hori izan zen
nire bizitzako isiltasunik handiena
Naia jaiotzerakoan bezala
negar egin zuen arte bezalako instantea.
kasu batean ezereza, bestean bizitza.

Han gelditu ginen denok zutik
nik ez nuen inor begiratu nahi
nirekin zoroen munduan egon nahi nuen
Kafkaren egunerokotasunean
arrazoiaren amildegian.

Dena apurtu zen. Dena gelditu zen.
Erlojua izan ezik.

Jonen begiak aurrean ditut batzutan
nire orruen garrasietan
eta abesti zahar batzuen akordeetan;
gogorra da ez ahaztea
gogorra da mina
batzuetan gogorregia.
Zailena, batzuetan argazkiak ikusi beharra
bere begirada urdina gogoratu ezinean
ezta bere irribarrea ere
aita gabeko munduan.

PDFa nahi baduzu, hemen klikatu.

No hay comentarios: