2010-11-22

IHESALDIA: AL CULO DEL MUNDO


Gauzak beltzak jartzen direnean idazten dut. Gero eta gehiago gainera. Gaur istorio labur hau idatzi dut. Horren alegoria bat bezala. Beltzetik zurira doan bidaia. Zuria beltza bezain iluna izan daitekelako. Etorri nirekin al culo del mundora.

Ihesaldi baten kronika: "El culo del mundo. Ez, ilargiarena"

Lanean nago. Leihotik begira, ordenagailura begira, mahai azpian begira, paretan dagoen koadro puta horri begira. Eta nire irudia noizean behin ikusten dut, han hemenka. Non dago nik neukan ideia hura? Non dago niretzat pentsatua neukan etorkizun hura?

Lanean jarraitzen dut, baina ez lanean. Celak esango lukeen bezala, ez da gauza bera. Horrelakoetan gelditzen zaidan irteera bakarra memoria da. Memorien artean ihes egitea. Eta gero memoria aldatzen dut, gogoratzen dudana gustoko ez badut. Horrela ez dut gorbata itsusi hau ikusiko eta agian, agian soilik, ez dut urkatu baten irudia horko eskinan isladatuta ikusiko. Oroitzapenik ez banu Tyler deituko nuke eta bere biolentzian bilatuko nuke sorospena. Bestela William bihurtuko nintzateke, edo agian William bihurtu naiz jada. “D-fens” Foster jauna al naiz jada? Oxala!

Lanean jarraituko dut... nire memoriarekin lanean...

Larunbatean, ezagutu berri dudan pertsona baten berrogeigarren urtebetzea ospatzera joan ginen. Gabriel eskultore bat da, oso ospetsua gainera. Frances, bere emaztea, erdi malasiarra eta erdi norbegiarra da. Australian jaio eta 18 urtetan zehar han bizitakoa. Orain, Londres, Tokyo eta New Yorken bizi eta gero, Bruselan bizi da, Gabriel eta bikiekin. Bitxikeri izatetik, errepidean bizi garen ibiltariok ohitura bihurtu dugun zerbait da hainbeste tokitako porrusalda bihurtzen den kimera.

Gabrielen aitak, bere semea, Azaroak 20ean jaio ote zen ala ez, ez zekien. Zalantzak zituen Gabrielen izena eman zuenean erregistro zibilean eta 20a aukeratu zuen. Zalantzak ezezik, hainbeste tekila edan eta gero zeukan burukominak sortutako data nahasketa. Nirean kokainak egiten duen bezala. Kokainak eta beste guztiak. Gabrielen aitak Azaroaren 20a aukeratu zuen, Mexikon erreboluzio zapatistaren urteurrena egun horretan ospatzen delako. Horrela bere semearen urtebetzea beti jai eguna izango zen, jai egun handia, alegia. Hori izan zen bere semearentzat aurkitu zuen lehen opari esanguratsua. Nik berdina aurkitu nahiko nuke.

Gabriel gizon txikia da, ile gutxi gelditzen zaio, eta bere artea ez zait batere gustatzen. Mahai txiki batean Fanta botila bat, saltxitxoi zati bat eta liburu bat jarrita daude bere webguneko sarrera orrian. Hori da dena. New Yorketik etorri berri da, esposaketa itzela bat Park Avenuen antolatu, ireki eta bertako lan asko saldu eta gero. Bihar Parisera doa aste osorako, beste esposaketa bat inauguratzera. Bere lanak ez dit ezer esaten, tipoak aldiz bai. Eta ez da oso hiztuna gero gure Gabriel. Benetazkoa ematen duelako gustatzen zait. Eta bizitza aspaldi ulertu duela ikusten delako.

Memoriak begien atzekaldean kolpatzen dira. Whiski bat edango dut.

Beraien etxera iritsi gara. Rue de Senneko eraikuntza eder baera. Txuria eta modernoa. Metalezkoa eta harrizkoa, eta oholezkoa. New Yorketik ateratako museo bat dagoela ikusi dugu eskailerak igotzen hasi bezain laster. Nire emazteak gona beltz eder bat jantzi du, eta jertse beltz bat ere. Jertseak erdian marra more bat dauka eta honek “Casse Pieds” idatzita dauka erdian, bularrak azpimarratuz. Ederra dago, makillatu gabe, ilargia bezala. Bere Camper bota beltzak ez dute eskaileretan zaratarik egiten. Eskultura berde bat dago kristal baten atzean. Gabrielen etxetik gertu gaude.

Musika entzuten da... Lady, Hear me tonight... zein zaharrak garen! zenbat gustatzen zaidan kanta hori! edo kantari esker dauzkadan memoria guzti horiek... Francesek ireki du atea, muxu bat eman diot. Orain muxu bat bakarrik ematen du. Maitasunaren globalizazioa edo. Bere atzean jende pila bat dago dantzatokian eraldatutako egongela ederrean. Bikien urtebetze egunarekin konparatuz beste etxe bat dirudi. Umerik ez dago gaurkoan eta espazio handia daukagu gure aurrean. Asia ekialdeko jakiak daude afaltzeko eta zuzenean kanpora goaz. Kalean hiru gradu egon arren aire pixkat bat behar dut. Gabriel kanpoan dago, flemish handi batekin hitz egiten. Ikusi gaitu. Berehala dator guregana, Isari muxu handi bat eman dio eta niri eskua luzatu dit. Zer gertatzen zaio munduari? Enpatia homofoboa da. Intimitateak oztopo sexualak ditu... edo Memoria falta dago.

Email bat erantzun behar dut.

Proiektu hau bukatu behar dut. Ez badut gaur amaitzen... aitor dezagun! ez da ezer gertatuko.

Agendan datorren astean jai berri bat daukagula irakurri dut. Kokaina gehiago erosi behar dugu.

I’ve got a feeling... Hau modernoagoa da. Ea egia den! Behintzat ondo hasi da. Hasiera ederra dauka kanta honek, baina gero ez zait gustatzen. Ea gau honi berdina gertatzen ez zaio. Baina hasiera honetan dantzatzera noa. Ana Luisa deitzen den guatemaldar bat aurkeztu didate. Txiki txikitxoa. Ingelesa Obama baino hobeto egiten du eta Albert Camusen hizkuntza ere ederki menperatzen du. Baina Xincan ez daki hitz bat ere esaten. Bikien urtebetzean hor zegoela gogoratzen hasia naiz, halere ez nuen berarekin asko hitz egin. Oso berbatia da, ez dut uste gaur hitz askorik esango dudanik ere. Nire emazteak gay batekin hitz egiten dago.

Banoa komunera.

Ardo botila bat irekiko dut. Denok txanpaina edaten dabiltza, baina nire buruak ez ditu burbuilak ondo onartzen, ardo beltza askoz hobeagoa da. Buag! Zer ostia da ardo hau. Tira, guk ekarritako botila bat irekiko dut. Ardo batek edalontzi baten kontra egiten duen soinua zerbait magikoa da. Nahiz eta edalontzia plastikozkoa izan. Etxean zehar pasiran noa. Nire begiek nire emaztearen bila doaz. Han dago neskatxa horrekin dantzatzen. Gabriel bere ondoan dago. Nire atzetik Frances dator atetik sartu berri den emakume fin eta lirain batekin. Hurbiltzen diren einean emakumea gero eta ederragoa da, eta ederragoak bere begi eta ile beltzak.

Joder. Hau New York dirudi, beltza modan dago. Denak beltzez jantzita daude. Larruzko jaka kenduko dut eta nire kamiseta horiak kolore pixkat ekarriko du.

-Eguzkia al zara?- emakume txiki etorri berriak.

-Eta zu? Ilargia?- erantzun diot irribarre batekin.

-Ahal banu... Kaixo, Ana Cristina dut izena.

Pixkat hitz egin dugu. Alaba bat dauka, ia hiru urte dituena. Marcela deitzen da. Ana dantzaria da, gaur eguneko dantza egiten du. Dantza ez zaidala gustatzen esan diot, are gutxiago gaur egunekoa, opera aldiz bai. La Monnaien Wagnerren opera batean dantza egingo du datorren astean. Percival esan duelakoan nago.

-Emango al didazu zure telefono zenbakia?

-Nola?- gorri jarri da.

-Bai, horrela datorren astean gure etxera afaltzera gonbidatuko zaitugu- zer ostia gertatzen zaio munduari! gure seme alabei buruz hitz egiten ari gara, dibortziatua dagoela esan dit, nire emakumea dantzan dagoela esan eta non dagoen seinalatu diot...

-0471...

-Konforme! Oso pertsona berezia dirudizu.

-Baita zu ere.

Nire emazteari keinu bat egin diot. Gugana dator. Emakume biak aurkeztu ditut. Fantasia bat izan dut elkarri muxukatu diotenean. Etxera goaz. Emakumeek zerbait esan diote elkarri. Gaua ez da zoragarria izan, baina orain gure ohean zoragarri bihurtuko dugu. Nire emaztearen eskua hartu dut gidatzen dudan bitartean. Bullet For My Vallentine topera jarri dugu. Leihoak ireki ditugu. Kokaina gure eztarrietatik behera doa muskuluak anestesiatuz doan bitartean, eta gero zuzenean gora. Gaua zoragarria da azken finean! eta ilargi betea daukagu kristalaren aurrean. Kotxearen argiak itzali ditut. Argia aurrean daukat, argia barruan daukat.

Lanean nago berriro. Telefono dei bat. Bazkaria.

Anari mezu bat idatzi diot.

-Nola daukazu aste hau afaltzera etortzeko?

Minutuak joan eta orduak dirudite. Idazle izan nahi dut. Nobela bat idatzi nahi dut. Talentoa erostera joango naiz. Ikasketak egingo ditut. Kokaina utziko dut. Musikaria izango naiz.

-Aste honetan Frantzian nago. Datorren astean hobeto datorkit. Zuei? Zure emaztea ados egongo dela ziur al zaude?

Eta pentsatzen dut; zer gertatzen zaio munduari? Ezin duzu neska bat afaltzera gonbidatu sexua-atrakzioa-eta hori guztia tartean egon barik?

Edota beharbada nire emazteak zerbait proposatuko zion. Agian... Agian memoria aldatu dut eta beraren biluztasunaz gozatu nuen. Hirurok elkarrekin. Agian kotxeko atzeko jesarlekuan norbait zegoen. Ilargia gogoratzen dut. Hori bakarrik. Ilargia eta kokaina. Beharbada ez zen ilargia. Beharbada ipurdia zen. Edo ipurdiak. Nik zer dakit. Zuria da bata, are zuriagoa bestea.

Lanean nago. Burua apurtu zait. Burua zuritu zait memoriarekin batera.

1 comentario:

Anónimo dijo...

My partner and I really enjoyed reading this blog post, I was just itching to know do you trade featured posts? I am always trying to find someone to make trades with and merely thought I would ask.