2010-11-18

HAU BAI EDERRA


Urtea New Yorken hasi nuen eta Bruselan bukatuko dut, edo agian Bilbon. Ikusteke dago oraindik. Urteak joan eta urteak etorriko dira, hori gelditzeko dagoen era bakarra ez zait gustatzen. Halere 2010 hau nola hasi nuen ez dut ahaztuko. Urtea hasi eta berehala Urtarrilaren lehen egun eta lehen ostirala horretako gaueko hamaiketan Pako Aristi idazle, poeta, musikari, kazetari, eta eta etari idaztea erabaki nuen. Bere "Gauza Txikien Liburua" irensten nenbilen eta Pakoren poesia zein prosarekin liluratua nengoela aitortzeko idatzi nion.
Idatzi baino lehen bere helbidea behar nuen eta detektibe lanak egin eta gero Mikel Markezi idatzi nion Pakoren helbidea galtzeko. Mikelek erantzun baino lehen, ez galdetu nola, Pakoren helbidea aurkitu nuen eta mezu bat bidali nion. Hiru minutu eta gero Mikelen erantzuna jaso nuen Pakoren helbide elektronikoarekin. Helbide berdina zen eta Mikelek Pakori idazteko animatu ninduen, ziurrenik erantzungo zidala esanez.
Handik hiru egunetara Pakoren erantzuna jaso nuen eta bertan euskaraz argitaratu gabe dagoen poema bat eta poema horren kontaketa. Pakok poema nola idatzi zuen kontatzen duen testu aberatsa, sentikor eta magikoak kolpatu ninduen lehenik eta behin. Poema irakurri nuenean gauza asko ulertu nituen.

MALENKONIA BATEN SUSTRAIAK

Pako Aristi

2006ko ekainean Argentinara joan ginen talde handi bat, ekimen instituzional baten partaide. Kirolari, kantari, politiko eta abarren artean, ni nintzen taldeko poeta eta idazlea, emanaldi batean testuak irakurriko zituena. Buenos Airesen emango genituen egun batzuk, eta besteak Rosarion. Ez zen, guztira, egonaldi luzea, baina hasiera batean bidaia folklorikotzat neukan hura erabakiorra bilakatuko zen nire bizitzan, edo bizitzari buruz daukadan nire ikuspegian.
Buenos Airesera iritsi eta neure baitan zerbait mugitzen hasi zen. Urteak dira, kanpora begira bizitzetik neure barrura begira bizitzen hasi nintzela; ez, noski, neure zilborraren mirespen etengabean, alderantziz baizik, gizartean zeukan bere presentzia publikoak puztutako egoa baztertuz, benetan ni nor edo zer ote nintzen peskizan, gorputzak bidaltzen dizkidan seinaleak deszifratu nahian, eta gogoak erakusten dizkidan sentimenei adi.
Buenos Airesek sortu zidan sentsazioa etxean egotearena izan zen: kaleetako giroa, hiriaren antolakuntza, jendearen adeitasuna… Aurkitu nituen leku arrotz batean ongi sentiarazten gaituzten (eta bakoitzak hain bereak dituen) zertzelada horiek, liburudenda ugari, kafetegi ederrak, tangoaren poesiari buruzko liburu interesgarriak, musika-dendak, jendearen laguntzeko gogoa zerbait galdetzen zenienean. Baina guztiaren gainetik sentipen bat nagusitu zitzaidan: ´Deja vú´ deitzen den hori. Lehen aldia nuen Buenos Airesen, baina barruan zerbaitek ´ni hemen egona naiz´ xuxurlatzen zidan etengabe.
Geroztik irakurri ditut kasu harrigarriak, lehen aldiz hiri bat bisitatu eta lekuak non zeuden bazekitenen istorioak, edo ´kale honen bueltan dago antzokia, eta haruntzago jatetxe bat´ esan eta asmatzen zutenenak. Nirea ez zen hainbestera iritsi; edo bai. Irakurleak epaitu beza.
Buenos Airestik Rosariora joan behar genuen, eta nik ez nuen batere gogorik. Gustura nengoen, neure saltsan, bigarren egunerako bertako sentituz.
Baina joan ginen. Rosarion gidari edo laguntzaile bat ipini ziguten, Laura izeneko neska eder bat, euskal jatorrikoa. Oso altua zen, hanka luzeduna, ondo egina. Autobusean sartu zenean, bere gona labur harekin, niri kostatzen zitzaidan paisaiari begiratzea eta deskribatzen zizkigun eraikuntza historikoak mirestea. Gau hartan bertan amets egin nuen: ohean zegoen etzanda Laura, biluzik, eta ni gorputz luze eta amaigabe hura musukatzen ari nintzen, patxadan, gozatuz, gozaraziz.
Handik bi egunera eskani genuen emanaldia Mikel Markez, Lope eta hirurok Rosarioko Euskal Etxean. Eta gau haren amaiera aldera bere etxera gonbidatu ninduen Laurak. Eta hitza haragi bihurtu zen; nire ametsa hezur-mamitu egin zen. Nik amestu nuen bezalaxe. Lekukoa eta guzti daukat: bi egun lehenago ametsa kontatu bainion Mikel Markezi.
Neska hark, ordea, deseoa eta grina baino gehiago sortarazi zidan bera babesteko sentipen-moduko bat; galduta zegoen ume bat ikusi nuen haren begiradan, eta nik ´gizon´ izan nahi nuen harentzat. ´Alkoholak sortzen dituen sentipen estrainoak´, pentsatu nuen neurekiko.
Itzuli ginen Buenos Airesera. Igandea zen. Euri-jasa ikaragarriak botatzen ari zen. Eta nik taldetik aldendu beharra sentitu nuen. Bakarrik egon nahi nuen. Galdu nintzen hotel inguruko kaleetan. Baina aterkinik gabe, busti nintzen apur bat. Kafetegi dotore batera egin nuen korrika, eta bustita sartu nintzen, destenplearekin. Zerbitzariak adeitsu eman zidan ongietorria, ea zerbait beroa nahi nuen eta holakoak esanez.
Han hasi nintzen ni errege bat bezala sentitzen. Dena zen gozoa une hartan. Kafetegi barrutik abenida zabal bat ikusten nuen. Haizea arbolak astintzen. Euri zaparradetatik ihesi jendea. Kale hutsak. Desanparatuak. Baina ni ondo, barruan, lehor, epel… Eta une hartantxe idatzi nuen poema, izenburutik hasita: BUENOS AIRESKO EURIA.
Ni han bizia nintzela sentitu nuen, aurreko bizitzaren batean. Baina oso gaizki pasatu nuela esaten zidan barruko ahotsak, mintzoak. Gaurko bizitzan izaten ditudan desanparo eta bakardade aldi gogorren sustraia han zegoela, Buenos Airesen, han igaro nuen bizitzan. Eta egungo bizitzan jaso ditudan laguntza eta fabore askoren indar karmikoa ere han zegoela, Buenos Airesen egin nituen gauzetan. Buenos Aires opari bat eskaintzen ari zitzaidala sentitu nuen. Eta bizitza osoan eduki dudan deserrotze sentipena, zortzi abizen euskaldunak ditudan arren, trenean ibiltzeari diodan gustua nire aurreko bizitza alderraiaren emaitza dela uste dut.
Txanpaina ere aipatzen dut poeman; izan ere, gauean kafetegi horrexera joan ginen lagun batzuk, txanpain botila bat edatera.
Idatzi nuen poema, baina arazo tekniko bat neukan: bertan Buenos Airesko kale bat aipatzen da. Mapa zabaldu nuen. Hiria izugarria da, hamabi milioitik gora bizi dira bertan. Han egongo dira 8.000 kale gutxienez. Emigrante baten historia kontatzen nuenez, portu inguruko kaleak begiratu nituen, eta bat aukeratu nuen, besterik gabe; berdin zitzaidan zein: Caferatta kalea.
Itzuli ginen Euskal Herria, eta ondorengo egunetan malenkoniaz beteta egon nintzen. Ez neukan motiborik; ez nintzen Lauraz maitemindu. Baina tristurak iraun egiten zidan.
Hiruzpalau astera posta elektronikoz bidali nion poema Laurari, eta berehala erantzun zidan: ´Está bueno el poema, pero hay un error. La calle que mencionas no es Caferatta. Se escribe Cafferata, con dos ´f´s, no con dos ´t´s. Te lo digo porque yo he vivido ahí hasta hace un año´.
Oheratu ginen gauean ez genuen horretaz hitz egin, ziur dakit hori. Nor zen Laura, nire alaba? Biloba? Portu arrotz hartan eduki nuen lehen amodioa?

BUENOS AIRESKO EURIA

Buenos Airesko euriak
abenida zabaletako arbolak inarrosten ditu,
eta horrekin batera
nire haurtzaroa ere astindu egiten du
Buenos Airesko euriak.

Ni ume moko bat izan naizelako
Cafferata kalean,
untzi batetik jaitsi nintzen
portu ezezagun hits hartan,
eta amaren magaletik
mundu epelago baten besoetara
nindoala esan zidan
Buenos Airesko euriak.

Kale hauetan zabuka ibilia naiz
izkinetako lurrunetan desagertzen ziren
amodioen atzetik,
Puerto Maderoko moiletan
izerdia isuri dut,
trenetan ihesi joan naiz
maitale jeloskorren labanetatik,
baina beti lasaitu izan nau
Buenos Airesko euriak.

Hemen hil nintzen,
kafetegi dotoreetako argien
distiratik urrun,
ez zen tangorik izan nire omenez,
ezta toparik ere nire arimaren alde.
Baina ez nintzen gustura hil,
eta itzuli beharra neukan:
zorion izpi baten zorra zeukan nirekin
Buenos Airesko euriak.

Eta gaur, kafetegi honen epelean,
tangoak entzunez
eta aspaldiko gizagaixo haren omenez
txanpain kopa altxatuz
bihotz-muineraino iritsi zaidan
gozamen lako zirrara batekin
ordaindu dit zorra
Buenos Airesko euriak.

Hemen daukazu PDF eder hau.

3 comentarios:

Anónimo dijo...

ENE!!!
Cada día te superas!!! Me encanta pasarme por baga biga!!!
Zoridxonak!!
Mxxx

BEAtxu

Eneko dijo...

Nik bakarrik besteon magia ekartzen dut nire etxera. Tabernariak ardo, sagardo, garagardo onekin egiten duen bezala. Zuek jartzen duzue musika, zuek jartzen dituzue partean eskegita dauden argazkiak eta proiektatutako bideoak. Poemak, istorioak, berriak... ni erakusle bat baino ez naiz. muxu handi bat Beatxu!

Unknown dijo...

Bere artikulu oso ona, hain zuzen ere. thaks informazioa.
bisita ezazu nire blog.
Obat Pembesar Penis