2010-11-09

BEA SAGASTI


Bea lagun bat da. Aspaldiko oso laguna. Aspalditik ikusten ez nuen pertsona. Iaz New Yorken agertu zen bere lagun Leire ikustera zioala bere beste lagun Amaiarekin batera. Eta nola ez, elkar ikusi genuen, elkarrekin garagardo parea hartu eta gurenera afaltzera hiru neskak gonbidatu ere.
Bertan Beari bere argazkiekin zerbait egin nahi nuela esan nion, nire olerkiren bat bere argazkiren batekin elkartu eta gero-gerokoak.
Lagun argazkilaria da Bea. Argazkilariak, poetak bezala, begirada berezi batekin aztertzen du mundua eta begirada horrek isladatzen duenarekin argazkilaria ezagutu dezakegu, baita poeta ere. Beraz, gaur egingo dudana hori baino ez da, Bearen argazkien bitartez Bea ezagutaraziko dizut. Bagoaz... berak aukeratu ditu argazkiak osotasunean eta istorio zein bitxikeri zein sentsazio edo oroitzapenez bete ditu:

Beak Bilbo maite du, eta hemen Bilboko ikurretariko bat. Beak zerua maite du eta hemen Bilboko grisaia daukazu. Grisaia eta metala.

Itsasontzian txorabiatzen omen da. Baina itsasoadikta bat da Beatxu. Haurren begiradak ikustezinak izan arren hor banengo bezala sentitzen naiz, beraien ondoan.

Argazki hau nirekin zerikusia daukan argazkia da. Behin Beari zenbat gustatzen zitzaidan esan nion. Formenterako itsaso barea egun hartan haserre bizian azaldu zen, eta hantxe azaldu zen aita hori bere haurrak aterpera eramateko.

Cornwalleko kukiak. Bea oso gozozalea da.

Eta gorria pila bat gustatzen zaio. Diva gorria are gehiago.

The Ten Bells taberna. Jack the Ripperen azken biktima hor egoten omen zen maiz.

Bea haizearen atzetik dihoa beti. Wind edo Kitesurf egiten. Bea ez dihoa haizearen kontra, haizearekin batera baizik. Ama hau eta bere semea Bearen lagun bihurtu ziren aurtengo udaran Ibizan.

Ibizako portuko argi beroa. Beak han pila bat bizi du, Formenterako biztanlea urte batzuetarako izan zelako.

Ibizako Las Salinasen ilunsentia. Askatasun sentsazioa dakarkion argiak, nahiz eta burdin sarearen atzean egon.

Aurreko asteburua Donostian egon da eta hemen bertako kaia. Ziur nago gure liburuan argazki hau egongo dela, poesia jada buruan idazten hasi da eta, bera bakarrik...

Haizea gustoko duela esan dizut. Hiri desberdinetan zehar pasiran ibiltzea gustatzen zaio ere, bere musikarekin beti.

Pujolseko hondartza, Punta Prima aurrean ikusgai dago. Bista hauek Bea lagundu dute. Toki hau voyeur bihurtu zen Bea han instalatu zenean eta ziur nago Bearen falta nabari duela Bea Euskalerrira bueltatu denetik. Hondartza hau Bearen bizitzaren zati garrantzitsu bat da.

Bryant Park, New Yorken. Horra eraman nituen hiru neskak garagardo bila.

Donostiako beste txoko bat.

Eta hemen London Bridgeko toki heze, ilun, hotz eta ederra. Beak horrela bizi eta horrela transmititzen du argazki honetan. Hori da niretzat argazkilari baten trebezia.


Eta hemen gure arteko abiapuntua, agian poema hau irakurrita daukazu jada, baina horrela hobeto ulertzen duzu zein handia den poema honen istorioa.

Erbestean egoteak
zurekin egoteko aukera ederra ematen dizu.
Zure buruarekin.
Ailegatu eta berehala
hustasuna eta min hutsa hori
pixkat diluitutakoan
orduantxe dator askatasuna.

Hortxe zaude,
txiki‐txikia eta bakarrik
baina nahi duzuna egiteke.
Denboraren jabe,
denboraren unitate berri bat asmatuz
zuk ekarritakoa
eta agian, niri gertatu zitzaidan moduan
hor nonbaiten, diska zahar batekin
ahaztuta zeneukan.
Memoria,
bizitako eta ezarritako menpekotasun
guztiak
baino txikiagoa delako,
jertse zahar horiekin zegoen askatasuna!
kajoi horretan sartuta
eta dena berriz beldurtuta ordenatzean
aurpegi aurrean daukazuna.
Ni horrela daramatzat zortzi bat urte
eta agian horregatik
mina, haundia den arren
eta bakardadea batzutan jasanezina
hementxe jarraitzen dut
alde batetik bestera, nomada.

Gainera
aspaldi, nostalgiaren kontra
idaztea bururatu zait
askatasunaren airea
iluntasun horretan sentitzeko
eta ahots erdi urratu batekin
hitz oblikuo batzuk idatzeko.
Hobeto nago
eta beldurren usain hotzak
aldenduz ikusten ditut hemengo leihotik.
Istorio berri bat datorkit
imaginazio eta fikzioz betea
eta nire ondoan
polizia putakume horrek
metrotik kaleratu duen
tipo bizardun hura bezain errealitateaz…

…izarbako faro honetatik
ikus dezakedana bezala.
Neska hura irakurtzen
arkaitzen artean dagoen hura.
Ederra den edo ez, ez dakizun arren
berdin dio, ederra delako nik dakidalako
eta punto.
Hor dagoen neska hori. Bai, hori.
Liburua arrokan utzi duena
eta hondartzarekin hizketan dagoena
biluzik
bere hanketan dagoen gazitasun likido hori
bere barrutik edo itsasotik ote datorren
galdetzera joango naiz.
Munduaren beste parte honetan ere
galderak daudelako.
Errealitatea begiratzeko
beste modu honekin
batzuen erantzuna aurkituko
beste batzuona ez
eta poliziari orduan galdetu beharko
zergatik behar ote duen
pistola bat beste gizon batekin hitzegiteko
beste botila bat duenean soilik
eta ondo ikusten ezin dabilela.
Zergatik kartutxerara eraman duen eskua
eta ez gizonarena hartu
eta jeikitzen laguntzeko
ez dut ulertzen...
hondartzako neskak ere ez
eskerrak injustizia mundu honetan ere
injustizia gardena dela,
aitzakirik gabekoa.

Argazki hau bere facebooketik lapurtu diot. Eguzkia, argazki kamara, itsasoa, zerua eta Bea.
PDFa hemen jaitsi dezakezu.

2 comentarios:

Anónimo dijo...

ZORIDXONAK GRANDULLÓN, oso politze geratu da!!! eta MILA ESKER beti hain urre egoteagaitzik. Zeu bai zarela haundidxe!!

Mxxx

BEAtxu

Anónimo dijo...

ZORIDXONAK GRANDULLÓN, oso politze geratu da!!! eta MILA ESKER beti hain urre egoteagaitzik. Zeu bai zarela haundidxe!!

Mxxx

BEAtxu