2010-07-28

FELIXEN IRRIBARREA


Berrian Ekaitz Agirrek idatzitako hau irakurri eta hemen pegatzen dut:

Irribarrea mendian

Gasherbrum II mendian gelditu zen betirako Felix Iñurrategi, gaur hamar urte. Ezbeharrak arrastoa utzi zuen mendizale nahiz mendizale ez zirenen artean; Iñurrategi anaien kordada gertukoa baitzen, etxekoa.

Albiste pozgarriarekin esnatu zen 2000. urteko uztailaren 28a. Alberto eta Felix Iñurrategik Gasherbrum II mendiaren (8.035) tontorra zapaldu zuten, bi anaiek elkarrekin igotako hamabigarren zortzimilakoa. Gailurrerako bidea gogorra egin zitzaien, igoeraren azken zatian haiek ireki behar izan zutelako arrastoa. Ordubete egin zuten tontorrean, eta bertatik zabaldu zuten albistea Euskadi Irratiaren uhinen bidez. Goizeko zortziak ziren Euskal Herrian. Aretxabaletan (Gipuzkoa), Iñurrategi anaien jaioterrian, hamabigarren etxafuegoa bota zuten Marruxiko elkarteko kideek. Ohitura zuten. Felixek eta Albertok zortzimilako mendi bat igotzen zuten bakoitzean, herritarrei albistearen berri emateko modua zuten. Bi baino ez zituzten falta hamalaugarren suziria aireratzeko: Gasherbrum I eta Annapurna. Haietako lehenengoan saio bat egiteko asmoa zuten Felixek eta Albertok hurrengo egunetan.

Tontorretik beherako bideari ekin eta bi orduan jaitsi ziren bigarren kanpalekura (6.900). Beheko kanpalekuaren babesera gauak harrapatu aurretik iritsi asmo zuten. Urteetan mendiak ikasgai asko eman zizkien, eta behera jaitsi artean ezer ospatzerik ez dagoela ederki asko zekiten bi anaiek. Felix ez zen iritsi. Alberto jaitsi zen, bakarrik, korrika batean. Han zeudenei eman zien ezbeharraren berria: mendian behera 400 metro amildu zela anaia, ez zela hura zegoen lekura iristerik. Astebete lehenago dozenaka mendizale pasatutako soka eten egin zen. Bost minutu lehenago Alberto pasatutako soka hautsi egin zen, eta arriskurik behar ez zuen eremuan amildu zen Felix. Gasherbrum II mendian geratu zen, betirako.

Denborak hegan egiten du, eta hamar urte bete dira gaur Felix Iñurrategiren ezbeharra gertatu zenetik. Ordu gutxiren buruan, tontorraren poza atsekabe bihurtu zen, argia ilun, bizitza heriotza. Kolpe gogorra hartu zuen Aretxabaletak, Euskal Herri osoak hartu zuen tamainakoa. Bi anaiak gertukoak zituen mendizaleak, baina mendizale ez zirenentzat ere halakoxeak ziren Felix eta Alberto Iñurrategi; gertukoak, etxekoak, banaezinak, Iñurrategi anaiak. Bi lagun, bi anaia, baina osotasun bat, kordada banaezina.

Bitxia da. Heriotzaren hamargarren urteurrenak eta Alberto Iñurrategik goimendian egindako azken urratsak bat egin dute denboran. Broad Peaketik itzuli berria da Alberto, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzarekin mendi hartako hiru tontorrak lotu eta bide berri bat irekita; euskal mendizaletasunak zortzimilakoetan irekitako lehenengoa. Estilo bati fidel osatu dute erronka, Iñurrategi anaiek Himalayara joateko zuten estilo berari jarraiki, hain zuzen. Arin, talde txikian, oxigenorik gabe, eta tontorrari bidea eta igotzeko modua lehenetsiz. Urteurrenaren harira gogoeta egin du Albertok, gogoeta baikorra: «Denborarekin alde ona ateratzen saiatu naiz, eta gaur da eguna oso modu ederrean agertzen zaidana Felixen irudia. Etxean marraztuta polita ikusten dut, baina mendira noanean dimentsio ikaragarria hartzen du, eta oso lagungarria zait».

«Iruditzen zait gure artean dagola»

Felix eta Alberto. Alberto eta Felix. Iñurrategi anaiak. Egun ere banaezinak zaizkio jende askori. Irribarrea aurpegian. Halakoa zen anaietan zaharrena, mendiaren alde alaia. Pumorin abiatu zuten Himalayako bidea, 1990ean, eta hamarkada batean urrats asko egin zituzten mendi handietan, beti elkarrekin, haietako hamabi zortzimilakoetan. Elkarrekin abiatu zuten bidean etena baino ez baitzen izan Gasherbrumgo ezbeharra. Albertok berrekin zion arrastoari, eta bi anaiek hasitako bideari jarraitzen dio orain ere. G-I eta Annapurna igota osatu zuen hamalauko zerrenda, Jean Christophe Lafaillerekin azken hori. Tontorrean elkar besarkatu zuten Lafaillek eta Albertok, baina anaiari eman zion besarkada Albertok, Hire Himalaya liburuan jaso zuenez. Felix ez baita joan, mendian dago haren irribarrea.

2001eko bertsolari txapelketaren finalean, kartzelako saioan, Andoni Egañak bertso hau bota zuen. «Ze ederra den Himalaiako / haizearen zirimola! / Era hontako gairik ez nuen / espero hemen inola. / Jakin zazute hau Felixekin / ni neu bizia nagola;/ hargatik bor-bor odola, / ia galdu dut kontrola. / Bertsozalea genuen hura / eta hau da parabola: / iruditzen zait Belodromoan / gure artean dagola». Ezbeharretik hamar urtera, askorena da Andoni Egañaren uste hori bera.

No hay comentarios: