2012-01-31

ESKAILERAK


Bernatek eskatzen zidan testuingurua idatzi beharko banu... poema honi tokia eta identitatea emateko edo, lotsaz hitz egin beharko nuke. Gaztetan galtzaile bat nintzelako sentsazioarekin jantzi nintzen, eta hori gaur arte nirekin dago. Azala bezala. Naia edo Ibai edo Isa besarkatzen nautenean pixkat salbatzen naiz, baina hustasun hark ez nau utzi. Victor Hugok tristeziaren inguruan zera esan zuen, gutxi gora behera, "La mélancolie, c'est le bonheur d'être triste"... hau da, melankolia, triste sentitzearen poza dela. Eta niri ikastolako eskailera horiek melankolia hori ematen didate. Tristea da, baina tristezia horretan poztasuna aurkitzen dut. Bai... gaixorik nago...

batzuetan goraka
beheraka bestetan
batzuk harrizkoak
besteak egurrezkoak
karrakatzen dutenak
ditut gustoko,
pertsona urratuak bezala

altuera galdu edo irabazi
ikuspuntua aldatuz
pausuz pausu
angelu zuzenak
bata bestearen ondoan
oinak sartu ezinak

ikastolakoak memorian orain
nerabez gainezka zeuden
zementu eta beirazko pareten
aurrean

txikitan
hor egiten ziren
klaseko argazkiak urtero
zuri-beltzean

hamar urte geroago
autobusaren geltokia
goiz hotz eta ilunetan
lagunekin bilera puntua

nik gutxi esaten nuen
inuzente hutsa nintzelako
lagunik ez nuelako
halere momentu horren zain
egoten nintzen egunero
inor ez zelako konturatzen
edo bai, agian baten bat bai.
Maialen, Naia, Lexuri
zein Itziar edo Lauraz
hitz egin nahi nuen
zuri-gorriak niri bost,
gaueko pelikula guztiak ere
etxekolanak bukatuak
autobusean
alkandora praka kanpotik aterata
amatxok ikus ez zezan
iraultza txiki guztien
galtzaile zen mutikoa

paria bat nintzen
gitarra gaizki jotzen nuen
neskaren bati
arrosa bat eman nion
saskibaloian nenbilen
futbolean baino
Led Zeppelin entzuten
garaiko kaka putak baino
eskailera hartan jo ninduten
eskailera hartan betirako
galdu ote nintzen

harrez geroztik
mutiko hura hor egon da
eserita, itxaroan
ez gora, ezta behera ere
geldituta
lagun berrien zain
praka laburren unibertsoan
zemento gris eta beroan
goizak
aspaldi ihes egin duelako

orain
arratsaldea da
poesia aurkitu dut
eta noiz edo noiz
lagun bat anai bihurtzen da
mutiko hura salbatuz


Melankolia dosi hau gorde nahi baldin baduzu, pdfa hemen duzu.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Joder N!!!!
Horrelako argazkiak ezin dira publikatu. Beetle-en hile honekin atera izana be. Zelako garaia, zu beti formal, etxekolanak eiten, nota honak ateratzen, dotore joaten etxera, garbi garbi.
Dena den jar ezazu U.B.I.ko argazkia. Bertan bai ematen duzula Jesuita bat, baina poeta arimarekin. Zure abeztiak, poemak, larrosak...dena sentsibiulitatea.

Iñigo