2012-01-17

HERRI PROIEKTUA


Aurreko egunean Ugori buruz zeozer aipatu nuen, eta berarekin batera proiektu bat hastear ginela ere. Ugok ez du bakarrik hitza ematen, lana egiten du ere:

Herri txikia gara, gure nazio osoak Europako hiri baten populazioa besterik ez du (Milan, Stuttgart edo Manchester antzekoa). Baina mundua jateko intentzioarekin gatoz, geure burua horrela aurkeztuz: "the Basque Bioregion, a new hub for biosciences in the south of Europe". Gako nagusiena zera da: zientzian inbertsioa egitea babesten dute euskal hiritarrek? edo aldiz, geure politikariek kea saltzen ez diren egongo beldur gaude berriz ere?

Biozientzietan nago ni lanean, Ikerbasque-k etxeratuta atzerrian 13 urte igaro ostean, orain CIC bioGUNE-n lanean, eta egunerokotasunetik neure iritzia emateko gogoz, eztabaidatzeko gonbitea egin diot Enekori.


eta hona hemen bigarren sarrera bat, egitasmo honen hasiera:

Duela gutxi ezagutu dut Eneko. Belaunaldi berekoak gera, atzerrian ibilitakoak, zientzialariak. Irratian hitz egin dugu lehenengo aldiz. Enekok zientzia alde batera utzi du bere bizitzan beste gauza batzuei lehentasuna emateko. Nik ordea neure bizitzako hainbat gauza utzi ditut alde batera zientziari lehentasuna eman diodala. Txanponaren bi aldeak.
Irratian izandako tartea ez zen nahikoa izan geure ikuspuntuak eta iritziak konpartitu ahal izateko. Horregatik elkartu gera hemen, pantailaren aurrean, elkar-hizketa bat aurrera eramateko gogoz. Ikerkuntza gure herrian bizi duen egoeraz eta etorkizunerako espero dezakeguna mintzagai hartzeko. Oraindik asko dagoelako hobetzeko, asko.

Adibidez, eta Enekok jorratutako gaiari jarraituz, gure herrian ez dagoen zientziari buruzko planifikazioaz berba egin genezake. Milioika euro gastatzen ditugu ikasleen formazio akademikoan, gero inolako lanik eskaini ezingo zaiela jakin arren. Gure herritik kanpora urteak eman ostean, puntako ikerkuntza egin ostean, emaitza eta fruitu ugari eman ostean, Euskal Herrira bueltatzea ezinezkoa da, ez baitago guztiontzako lekurik. Era berean, ez genuke ahaztu behar mundu osoan zehar ikerlari karrera nahiko selektiboa dela, piramide formakoa. Kontua eta arazoa da herri bezala inolako plangintzarik ez dagoela hemen, eta herri aurreratuetatik urrun -oraindik urrunegi- gaudela, zentzu askotan.


Horiek horrela hemendik eta Ugoren txokotik lanean arituko gara, gure arteko eztabaidak zuengana ekarriz. Badago garunean likidoz beteta dagoen toki bat; bentrikuloa deritzoguna. Bihotzaren hegoaldeak duen izen berdina duena, bai. Bentrikuloan zilioak daude korronte jakin bat sortzeko, garunaren presioa mantentzeko, garunaren plastizitatea mantentzeko. Toki iluna dela ematen du fluidoz beteriko itsaso hori, eta zilio bakoitzak plan jakin bati esker garunaren garapenaren lehen egunetik sena hil arte bere funtzioa betetzen du:


Ugok eta biok zilioak sentitzen gara, itsaso beltz batean arraunean, etengabe. Beste zilioak daudela badakigu. Hain beltza ikusiko ote dute beraiek itsasoa? Ezetz espero... ebazpideak behar ditugulako.

No hay comentarios: