2012-01-25

NORENTZAT?


Ugok zera idatzi du hemen:

"Euskal Herrian ikerkuntzan zenbait zientzialari gabiltza. Batzuk bertokoak, beste batzuk atzerritarrak. Batzuk zentro publikoetan, edo EHUn, beste batzuk enpresetan. Batzuk medizina berrien bila, beste batzuk teknologia berriak garatzen, akaso erailtzeko bonba berri batean erabiliko direnak…

Baina, norentzat egiten dugu lan? Ziurrenik erantzuna ez da berdina izango kasu guztietan. Neure kasuan, oinarrizko biologian nabilela, gizartearentzat egiten dudala lan esan nahiko nuke, guk ikertutakoa zenbait gaixotasun hobeago ulertu eta sendatzeko balioko duela jakinda. Baina, bihotz barnetik erantzuna eman beharko banu? Nik niretzat egiten dut lan, kuriosidadea hilda! Kartografiarik gabeko mundu ezezagun batean gabiltza, azkeneko detailetxoraino bizitza ulertu nahian. Azken helmugan guk ikertutakoa balio sozial bat izango duela ziur nago. Baina gaur gauean, lo egitera noanean, proteina zehatz horren funtzioa nola demontre erregulatzen den jakin nahiko nuke. Besterik ez. Mundu osoan horren erantzuna oraindik inork ez duela. Eta nik, akaso bihar, akaso etzi, ulertuko dudala ziur nagoelako.
"

eta ni bere aurrean banengo bezala, zera esango nioke, kafe usainak banatzen duen oholezko mahaitxoaren beste aldetik:

Eta beste inork zu baino lehenago proteina horren funtzioaren erregulazioa ulertuko balu? Eta Cell edo Nature txukun eta eder batean emaitzak argitaratuko balitu? Pozik egongo al zinateke? Hobeto egingo al zenuke lo? Azken finean, zure kuriositatea asetuta legoke, eta proteina horrek nola funtzionatzen duen ulertuta gizartearen bizimodua epe luze zein labur batean hobetuta legoke. Nire aldetik zu lehena izan zaitezen espero dut. Gaur gauean hobeto egingo dut lo hala bada.

Hala ere zuk esaten duzun horretan bi esaldik bihotza lapurtu didate, nahiz eta zu nire tipoa ez izan.

Alde batetik zuretzat lan egiten duzula. Nik uste dut, orokorrean gauzak norberarentzat egiten ez direnean zoriontasuna atzean gelditzen dela, eta kimera bat izango da betirako. Ikerlarientzat, nik uste, beharrezkoa da norbere buruarentzat lan egitea, bestela akabo! besteontzat lan egiten baduzu, besteon onarpenarentzat, egoak markatutako norantza iparorratzan jarraituz gero, ez duzu bakarrik zoriontasuna galduko, baita lanera joateko askatasun eta grina hori ere.

Bestalde, mapa biologikorik gabeko mundu horren barrena zauden horrek irribarre bat ekarri du nirera. Indiana Jones itxura hartzen zaitut. Egia da markatutako biderik gabekoa dela ikerlari baten egunerokotasuna. Koska hor dago ere, eta orain diskusioa zure mapetatik hurrengo mailara eramango dut... Euskal Herriak mapak behar ditu ikerkuntza antolatzeko, planak, epeak. Gizarteak hori jakin beharko luke, ezta? Euskal ikerkuntzak norabide eta norantzak behar ditu, Atxutegik Echeniquek edo Matok zein Ochoa Olascoagak markatutakoez gain.

Zebra arraina ondo garatu al izateko, zelulek programa zehatz bat jarraitzen dute:



Collective Migration honi buruz gehiago jakin nahi izanez gero, Isak argitaratutako paper ederra hemen daukazu. Open access gainera, horrek edonork irakur dezakela esan nahi du. Beste egun batean Ugorekin zientzia argitalpen sistemari begirada bat botako diogu.

1 comentario:

Ugo Mayor dijo...

Badirudi azkenean bai duela geure ikerkuntza sistemak norabide bat. Gutxienez, 2010-erako diseinaturiko estrategia gainditzen duen plan berri bat aurkeztu zuen duela gutxi Eusko Jaurlaritzak: 2015 Zientzi, Teknologi eta Berrikuntza Plana. Orain artean espainolez bakarrik aurkezturiko plana bada ere.
Beste alde batetik, hil hontako Elhuyar aldizkarian Ikerbasqueko presidentea den Fernando Cossio-ri elkarrizketa topa dezakegu (hemen). Euskal Herrira ikertzaileak erakartzea helburu duen erakundearen ikuspuntua irakurtzea interesgarria da oso.