2010-12-19

LEKEITIOKOAK


Iaz idatzi nuen poema hau, Mikelek bere lehen urtebetzea ez-izaten ospatuko zuelakoan:

Aurreko astean
Mikelek ezin izan zuen
bere festa egin,
bere urteak
ezin izan zituen ospatu,
kantari
abesten
ohiukatzen
sinisten.

Urte hark
ez-izan bat gehiago izan zuen;
oihuen eta ziriken maisua
joan zitzaigulako,
misterioaren alde
ederrean bizi zen hura.
Denon Mikel hura
joan da gure ez-mundura!
guztiona izan zelako
eta inorena ere,
agian Bernardok
ulertu zuelako soilik.

Hementxe nago
komunikazio forma berrien atarian,
beste behin ere tenteldua,
hura imitatzen
begiak erdi itxiz haraindira begira
gertuagokoa hobeto ulertzeko.
Handik zerbait ekartzeko:
hemengo hitzekin ezin dudalako.

Nire sabelekoa entzun behar dut
soinu itsusi hura
Mikelen oihua bailitzan
xumea eta sakona
era berean; biok bat
-horrela dio Benitok behintzat.
Benitok asko daki
haraindiaz aski.
baga biga higa.

Mikel barik
Mikel gabe
Mikelge
Nik ere minez ezezik
saminez ere
Babel aurreko
hizkuntza fisikoaren bila
jaurtiko dut nire burmuina.
Iraultza berrien bila noalako
ideiaz beteriko kutxa bat aurkitzeke.

ikimilikiliklik.


PDFa hemen daukazu.

No hay comentarios: