2012-11-28

FIRE WALK WITH THEM


Badirudi twitter barik ez zarela ezer. Badirudi blog bat gabe ez zarela ezer (believe me, blog batekin deus izaten jarraituko duzu). Feisbuk®, Eskaip®, Guatsap®, esmarfon bat, tablet bat, mepe hiruak entzuteko gailu bat... etabar luzea. Twitter barik ez nintzateke ezertaz enteratuko! Oh My God!...

Ba hori... ni bezalako BTX fanatiko batek egunero irakurri beharko duela, gaurtik aurrera, taldearen European Tour 2012 inguruko bloga. Disko berria (Haria, 2011) L.An grabatu zutenean gauza bera egin zuten. 

Gorkak, Nimes hiriko txoko batetik, hor nonbait; zera dio:

Zerua maindire beltz bat zen Andorrako Arinsalera iristerako. Bidean gindoazela Radio Nacional d’Andorratik deitu ziguten elkarrizketa egiteko eta esatariak garaiz gaztigatu zigun: fa fred, fa fred, abrigueu-vos. Hotza egingo zuela, alegia, eta berokiak gertu izateko. El Cau aretoan gailuak deskargatzen hasterako ohartu ginen baietz, hauxe dela Pirinioen legea, hobe eztarria tapatu oraindik 16 kontzertu falta dira-eta.
Arinsaleko eszenak Twin Peaks-etik aterea zirudien: mendi kaskoak zelatari, ibai harrotuaren zaratotsa, pinu-enborrez egindako ttattolak (Hazparnen ikasi nuen hitz hau). Iduri luke edozein momentutan ager zitekeela Laura Palmerren gorpua aurkitu zuen morroiren bat, gure soinu-froga aldarrika etenaz. Zorionez ez zen halakorik gertatu eta afari-lege ederra eman ziguten oholtzan dena prest utzi ostean. Kaneloiak hasteko eta “entrañas” deitzen dioten okela gero (latza!).
2007an kaleratu zenetik ez dut ‘Zertarako Amestu’ dokumentala berrikusi. Ondo gogoratzen badut, bada eszena bat non neronek esaten dudan musikari izan nahi dudala astebururo ‘mozorroa’ jarri eta kendu behar ez izateko. “Musikari izan nahi dut astearte batean Munichen jotzen egoteko, esaterako”. Atzokoaren ondoren, orduan esandakoa berrestera nator. Nork espero zuen astelehen buruzuri baten Andorrako areto batetan halako zalaparta sortuko zenik? Irratiko esatariak aurreratu zigun ikusmin handia sortua zela eskualdean, baina halako erantzunik? Jendea lehendabiziko minututik egon zen kontzertuan sartuta (batez ere ‘Onak eta txarrak’ jo genuenetik). Izerdi trukea erabatekoa izan zen eta ‘Berba eta irudia”-n wall of death batekin ere ausartu ginen, hain zen beroa giroa. Bisak luzatu behar izan genituen zaleen orruak asetu ahal izateko. Ez naiz Doningtonez ari, komunikazio musikalaren mirari txikiaz baizik. Astelehen gaua zen eta mendiz inguratutako areto bat lehertu genuen gure kantuekin. Gertatutakoaren irudiak ditugu. Fire walk with me.








Gorka, David eta Galderren musika entzutea gauza bat da. Gorkaren letrak irakurtzea eta oihuka edonon errepikatzea beste gauza bat. Gorka irakurtzea... hori ez da gauza bat... hori beste zerbait da. 

Segi fin mutilak!!! Zorte on! Hit the road!!!! Egurre! 

No hay comentarios: