2011-12-28

SEI IZAN BEHAR ZUTEN


I.
Zenbat eta gardenagoa
hainbat eta intimoagoa
bihurtzen naiz
zuregana naraman distantzia
guztiz desagertzen da
bakarrik ez nago
eta beltza urdinagoa da,
iluna, baina urdina.


II.
Nahiz eta esatekorik ez izan
ezin naiz isildu
nahiz eta zure minutuak hil
ezin naiz isildu
nahiz eta trebea ez izan
gitarraren bila noa
eta goiz elurtsu honetan
abesti berri bat
kantatuko dut
isildu ezin naizelako.


III.
New Yorkeko kaleetan zehar
ahalmen baten bila noa;
hitzekin emozioak pizteko
gaitasuna,
Pakoren antzera.
Nire arima
izen zein aditzen atzetik
doa korrikan
horrelako batean
kontzientzia poetikoak
nire arimari
zuzen begiratzen dio
eta orduan hitzak
desberdinak dira,
Pakorenak bailiran.


IV.
Singularreko
lehen pertsona
maiuskulaz beti
idazten duen hizkuntza
hitz egiten nabilelako
I am thinking big.


V.
Metroko poemak dira hauek
New Yorkeko iluntasunekoak
lau urtetan zehar
eguzki argirik gabe
idazten ibili naizela
orain konturatzen naiz
eskuliburu beltz honi
eutsita
zutik, zein eserita

jendea eskumara begira
marra lodi hori honen atzean


VI.
Nola egin behar dut
beste heriotza baten aurrean
triste ez nagoenean?
zer gertatzen den
ulertzera kondenatua nago
baina orain dena ilun dago
egiaren argia itzali delako
Maudekin joan da
arnasgabekoen dimentsiora
beldurgabeko toki bakarrera.
Argirik ez lur azpian
hitzik ez iluntasun horretan
mutuak gelditzen dira
isiltasuna. ai ama!
isiltasuna.


pdfa hemen.

No hay comentarios: