2011-12-28

JON HAITZ LEGARRETA


Berari ez zaio bere buruari publizidadea egitea gustatzen. Ba niri bai, zoragarria iruditzen zaidan guztiarekin bezala. Jon Haitz horrelako tipo bat da; zoragarria. Ez dut aspaldi ezagutzen, ez dut ondo ezagutzen. Baina ezagutzen dudanarekin gehiago ezagutu nahi dudan sentsazio berezi hori daukat. Baga-Bigako irudimenezko tabernako saltsan ondo baino hobeto ikusten dut Jon Haitz; Bernardo, Mirta, Oier, Errapel eta besteen artean. Jon Haitzek dioen moduan "mila izarretako hotelean gaua pasatuz".

Atzo Berria egunkariak bere mendi eta narrazio leihaketan parte hartutakoen artean aukeratutako bost idazlanetarik lehena argitaratu zuen. Honela hasten den kontakizuna:

"Izan da eguna gauaren etsai". Hala diote bart ikusten egon nintzen talde ezagun baten abesti entzutetsu baten hitzek. Eta hala da gaur niretzat; goiz jaiki behar izan dut nire bidaiari ekiteko. Eta goizean goizago oheratu naiz, kontzertutik bueltan. Baina esaera zaharrak dioenez, «gustuko bidean, aldaparik ez». Eta hala beharko du niretzat. Helburuan, Alpeetan, aldapak baino ez daude eta. Laua den edozer debekatuta baitago.

Bilbo lainopean utzita abiatu naiz. Ordu dezente igaroko dira harik eta helburura heldu arte.


Hori irakurri eta berehala gehiago irakurtzeko kuriositatea ez baduzu... igual dio. Baina nik gehiago irakurri nahi izan dut. Azken punturarte irakurri nahi izan dut, ia arnasa hartu gabe. Chamen egon nahi izan dut, Suitzan, Italian, mendian. Testua Jon Haitzek sinatua dago, argazkiak ere.

Argazkiak eskatu nizkion nik Jon Haitzi bere begirada bitxia zela ulertu bezain pronto. Eta argazkiak aspaldi bidali zizkidan arren, hortxe aparkatuta izan ditut. Gaur arte. Belgikako Gare du Midin egin genuen topo, hantxe izan zen gure lehen besarkada. Arratsaldeko seirak markatzen zuen nire erlojuak. Ni bidaiari izanda geltokietan aurkitzen dudan jendea bihotzean eramaten dut betirako. Geltokiak toki emozioz gainezka dauden eraikinak dira; topaketak, agurrak, bakardadean etxeratu, bakardadean ihesi egin, ilegalki tiketa erosi, maleta edo motxilatik tiraka. Arratsalde hartako ordu eskas hura ondo gogoratzen dut. Jon Haitz Brujas eta Gante bidean zegoen, Bruselan lanean egon eta gero. Lagun batek pasatutako Nikon eta tripodea flandiara eramateko asmoz aurkitu nuen. Argazki horiek eskatu nizkion. Hemen dituzu bidalitakoen artean aukeratu ditudanak:







Goian esteka dagoen tokian klik ez baduzu egin eta artikulu osoa irakurri nahi baduzu, hemen daukazu.

No hay comentarios: