2011-12-15

BENETAZKO EMAKUMEAK


Egunero bezala
fabrikara noa,
tren triste hauetan
beste guztiokin batera
esperantza gabeko bagoietan
galtzekorik ezer
eskuratzekorik ere ez.

Langostino laranjak biluztuz
egun berdinak
urteetan pilatzen dira
hamaika langostinoen azala
segundu batzuetan
kentzen dut,
errekorra omen nintzelako
telebistan sartu ninduten
beste lau tipo arraroekin
langostinoen kontrako panpinak
hor zegoen ere Ramón García

ai...ni bezalakoak zeuden
horrek goibeldu ninduen
paper zurizko jantzi
eta dutxako kapela batekin
langostinoak datoz eskumatik
langostinoak doaz ezkerrera
ez da hitzik entzuten
klik eta klak
buru, azal eta hanka txiki barik
eskumutur kolpeari esker
klak eta klik
fokoek berotzen naute
pim eta pam!

ez diot jada itsasoari
usainik somatzen
oskolekin batera joan da
kapela eta guante horidun
kaio bat baino ez naiz,
moko barik halere.

sinistu behar duzu
hau delako nire kondaira
langostinoen printzipea
oskolen erregea
nork asma zezakeen honelakoa?
benetan,
langostinoen ametsgaizto bat
baino ez izatea
gustatuko litzaidake. benetan.

txalupa izan nahi duen
tabernara noa
emakumeak izan nahiko luketen
besteokin dantzatzera.


pdfa betiko gordailuan.

No hay comentarios: