2010-10-28

INAXIO ESNAOLA


Inaxioren ahotsa oso ondo ezagutzen dut. Inaxioren berri Burdinola irratsaio indartsuari esker izan nuen. Ez dut gogoratzen nolatan bukatu nuen Burdinolako webgunean. Eta hor egoten nintzen, laborategian, Columbian, New Yorken. Musika indartsua jartzeko ausardia zuen Euskal Irratsaio bat azkenik aurkitu nuen! Primerako esatari batekin gainera! Konturatu baino lehen Inaxioren ordu t'erdiko adikto bat bihurtu nintzen, eta itxaroan egoten nintzen hurrengo irratsaioaren zain, behin eta berriz webgunean zeuden irratsaio zaharrak entzuten. Inaxiori esker nire kultura musikala zabaldu egin da pila bat eta asko ikasi dut. Burdinolaren denboraldi berria Azaroan hasi behar duela dio Inaxiok, baina hamar mila saltsatan sartuta dagoenez, batek daki! Ni hemen egongo naiz zain, belarriak berotzeko prest.

Burdinolatik Sektor Rockera pasa nintzen, aurrera eta atzera klik eginez. Eta han lehenik eta behin Berri Txarraken elkarrizketa entzun nuen. Eta beste behin ere aho bete hortz gelditu nintzen. Berriri egiten dioten elkarrizketa ederrenetariko bat izan zen. Irratsaio horietan, Sektor Rocken, euskal talde pilo bat ezagutu nituen. Horien artean Madeleine talde gipuzkoarra, eta bere elkarrizketa, hor esan nuen bezala, flipantea da ere. Krilin, Lauroba, The Wet Band edo Cohen taldeen berri izan nuen. Beste batzuk jada ezagutzen nituen. Sektor Rockeko dinamikarekin maiteminduta nengoela Sektor Rockek agur esan behar izan zuen.
Eta Harrob!a Lantzen blogzinera salto egin nuen gero. Willis Drummonden "Noix" abestiaren azpitik Inaxio hitz egiten hasten da, orokorrean musikari batek elkarrizketa edo webgune batean edo bestean esan omen duena irakurtzen. Inaxioren ahotsa behar nuen eta hor aurkitu nuen beste behin ere; bere esaldi trebeak, bere gusto musikal berezia, bere intentzio hobezina... Euskalerriko musika eszenaren bultzatzaile sutsua da Inaxio. Talento handi eta ugari duen mutikoa da ere. Esatari lanak burutzeaz gain hortik aurki dezakezun bezala Inaxio Ilustrazio garaiko tipo bat da; idazle, aktore, kazetari...

Inaxioren omenez, eta nola talde batzuk berari esker ezagutu ditudan ere, Euskal Rock in New York bilduma seriea antolatzea pentsatu dut. Bertan New Yorkerko bost urteotan entzuten ibili naizen talde zein bakarlari ezberdinen abestiak bildu eta Baga-Bigan jarriko ditut. Lehen alea "inaxio" du izena.

Berriren elkarrizketa hemen daukazu, Madeleinena hemen eta "inaxio" bilduma hementxe. Hortxe jarri dizkizut, guapo-guapo entzun ahal izateko, nahi izanez gero. Oraintxe bertan konturatu naiz Lauroba ez dudala bilduman jarri, ezta Cobra ere ez, ezta Delorean, Uk Bill, Doctor Deseo, Sorkun, Gari... beste bat egin beharko dut laster, agian "esnaola" izenburuarekin.

Eskerrik asko hain lan fina egitearren Inaxio! Eutsi hor!

No hay comentarios: