2010-10-13

CORTAZARREN BEGIETATIK


Goiza batean New Yorken animoso jeiki nintzen. Baikor. Nire poesia bat New Yorker aldizkarira bidaliko nuela erabaki nuen. Bi potrokin, zergatik ez...baina argitaratu ez zutenez...agian jada irakurri duzu, agian ez. Agian ez zaitu harrapatzen. Niretzat hitz hauek bereziak izaten jarraitzen dute, indar beltz bat daukate:

Ez dakit non ote nagoen
erosoago:
ametsen munduan
edo egunerokatasunaren espaloian.
Halere,
bizitzeko tokirik ederrena
zure begiak dira.

Abstrakzioaren
mundu sekretuaren zirrikutuetatik
sartzen saiatzean,
gor eta itsu gelditzean
nire ahotsa,
orrialdez orrialde,
nire arnasa bihurtzen da.
Isiltasunaren airea behar dut
airearen isiltasunarekin batera
arnas egin ahal izateko.

Hau idazterakoan bizirik nago
baina bukatzerakoan,
ixiltasunean
hitzak pausatzerakoan,
heriotzatik
bost minutu gertuago nagoela
zeruertzetik ikusten dut.
Horregatik idazten dut;
inguruan ditudanak berotzeko
betiereko hoztasunean
desagertu baino lehen.

Eta bisionarioen begietatik
ikusi nahi nuke,
zugandik hurbiltzeko
eta metroak txikitzeko
distantzia laburtuz.
Poesiak,
ispilu batek bezala,
nire izatearen
funtsa
jorratzen du.
Putz egin,
hautsa kendu...
argia piztu,
eta begiratu
hori ni naiz eta hemen nago.

Norbaiten atzetik
munduari begira nago;
atzekaldeko eserlekutik
dena behaketa hutsa.
Baina interpretatzen saiatzean
burua apurtzen zait
poesia, soilik
belarrien atzetik espiatzen nengoenean
aurkitu nezakelako.
Ego intelekual honek
aurreko minutuko purutasuna
izorratu du
lasaitasuna lapurtuz.


PDFa hemen jaitsi dezakezu. Irudia Martistak eginikoa, aspaldi idatzitako "Sentsazioei eginiko argazkien Letrak" poesia bildumarentzat.

No hay comentarios: