2011-11-25

DAPHNE


Irinaren lana aztertu dut
atzoko argazki bat
gaurkoratu duenean
erreprodukzio lana
denborari omenaldia

Modernismoa
zer ostia da hori?
arin bizitzea?
teknologiaz gozatzea?
ala atzera begira
eta lehenaldia birpasatu.

zer esango dizut ba
zuk jada ez dakizuna:
sentsazio bat
emozio bi
hiru desira
hamaika hitz galduokin

denboraren zirrikituek
benetazkoaren korapiloak
askatzen dituzte
eta horrela etor naiteke zugana
biluzik
memoria guztien gordailu
ahaztutakoen oztoporik gabe
benetazkoa urri delako
ahaztutakoa da gehiena
atzera begira
bestela
eta dena izango da hobea
Hemingway zein Xenpelar
Lizardi zein beste poetak

atzera begira
dena dirudi hobeagoa
begira, bai begira;
denboraren filtroak
halanolakoa hiltzen
selekzio positiboa
darwinismo literarioa

hildakoaren artean
zutik daude oraindik
memoriaren zaldun berdeak
nire aurrean
biluztu ez ziren
emakume guztiak bezala
kutxa berberean gordeak
eta beti diraute hobeagoak

aurreko garaiak dirudite hobeagoak
etorkizuna aldiz
aukeraz dago josia


Daphneren argazkia dut
oraintxe bertan
nire aurrean.
Daphneren argazkia
duzu zuk ere begipean
Baina, nor da Daphne?
Peneus eta Creusaren alaba,
ni Apolo ez izan arren
ninfa bat da Daphne
denbora bezalaxe
eta Apolo banintz bezala
bere atzetik noa
birginitatearen atzetik

pdf interesatzen bazaizu hemendik jaitsi.

No hay comentarios: