2011-05-11

EZKONTZA BATERAKO AGIAN


Oierri nire "Gauza Txikien Liburua" kopia utzi nion bere azkeneko bisitan. Korrikan pasarte bat erdi irakurri nion. Pakoren hitz horiek, beste askorekin batera, nire buruko zirrikituak berotzen dituzte ia egunero kandela txikiak piztuz, han eta hemen.

Hilabete honetako lehenengo igandean Oierrek pasarte hartako zati bat kopiatu zuen, eta Asautxun jarriko zuela esan zidan. Halere itxaron nahi zuela, ezkontza bat omen daukalako eta "ezkontza batean irakurtzeko balioko lukelako". Ez dut sarrera hori eta ezkontzako sorpresa hori izorratu nahi. Gainera Baga-Biga nahiko hutsik dabil azkenaldian, eta beraz ez dut uste inor gutxik ikusi edo irakurriko duela spoiler hau. Eskerrik asko Oiertxo (bere hitzak letra etzanean daude, Pakorenak aldiz komatxo tartean)


Pako Aristi
Gauza txikien liburua”, 109-111 or.

[...]
"Beste egun batean maitasuna eta maitemina ez zirela gauza bera esan nion, norbait maitatzea eta maiteminduta egotea ez zela berdin. Harrituta begiratu zidan. “Hori esplikatu egin behar didazu”" (erantzun zion maitaleak).

Orduan ez zuen nola azaltzen jakin, baina geroago hurrengo ideiak idatzi zituen.


"Hona, S., afalondo hartako gure tertuliaren amaiera, maitasunez eskaintzen dizudana, ez maiteminez:

1- Maitemina kanpotik datorren sentimendua da, maitasuna barruan sortzen den bitartean. Maitemina begietatik dator barrura, azaletik, laztanetatik, bestearen hitzetatik. Maitasuna barruan hazten dator, eta iraupenarekin lotutako hitz isilak entzunarazten dizkizu.

2- “Maiteminduta nago” esaten da, baina “maite zaitut”. Aditz intrantsitiboaz deklinatzen da maitemina, zeure gogo-gabea bailitzan. Maitasuna, aldiz, aditz transitiboaz deklinatzen da, zeuk nahitakoa delako. Badirudi maitemina inkontzienteagoa dela, geuk ezer behartu gabe hartu gaituen zerbait. Maitasuna kontzientea da, gure borondatearen ondorio.

3- Maitasuna ezagutzaren ondorioa da; maitemina, aldiz, ezagutzara bultzatzen zaituen idar bat, beraz, ezagutzaren aurrekoa da bere existentzia.

4- Aurrekoaren harira, maitasuna denbora baten ondorioz ematen da. Maitemina, berriz, presaka dator beti, denbora bukatzera balihoa bezala.

5- Maitemina, bizitzan ezerk ez dizula minik egingo sentitzea da. Maitasuna, egingo dizuten mina nola gaindi dezakezun jakitea da.

6- Maitasuna, une gaiztoak ezagutu dituen edertasun baten ondorioa da; beraz, maitasuna indartsua da. Maitemina une gaiztorik ezagutzen ez duen edertasun baten sorburua da; beraz, maintemina ahula.

7- Maitasunetik gorrotora mende oso bat iragan daiteke. Meiteminetik gorrotora ez dago ezta pauso erdi bat ere.

8- Maitasuna maitearekin egotea da. Maitemina maitearekin zerbait egitea da.

9- Maitasuna bukatzen denean tristura bat geratzen da. Maitemina bukatzen denean hutsune bat geratzen da. Hutsunea aise bete liteke. Tristurak, baretu denean ere, lorratz sakon bat uzten du zure baitan, eta ondorengo beste tristura batzuek lorratz horren samina berrituko dizute bizitza osoan.

10- Maitemina bukatzen denean “Hil egin nahi dut!” esaten da. Maitasuna bukatzen denean “Orain zeinentzako bizi?” galdetzen da. Hil nahi duenak laster ahaztuko du asmo txoro hori. Zeinentzako bizi ez dakienari erantzuna aurkitzea zailagoa egingo zaio."

Eta hilabete berbereko bigarren igandean, nire anaiak bere ezkontzaren berri eman zidan! Oierri esango diot, eta agian zeozer kanta genezake elkarrekin, edo zeozer irakurri, nik momentuz Aitor eta Liderentzat La Seyne Sur Mer-etik hurbileko irla baterako bidean itsasontzian ateratako argazkia oparitzen diet. Oraindik emozio handiegia daukat ezer gehiago esateko, ezer gehiago idazteko. Ildo berean, "Sentsazioei..." poema bilduman beraientzat aspaldi idatzita nuen eta bildumarako jaso nuen zerbait jartzea bururatu zait ere, 115 zenbakidun zuridun hori dekoratu nuenean:

Espero que el mar
os guarde
y que las mareas
os mezcan
y las olas
no os cansen!
como les ha pasado a otros
y que nunca dejéis
de ser
el uno para el otro
una gran aventura.

Que al consumar
vuestro romanticismo
ni se consuma
ni os consuma.

Hori bai, espero dut Baga-Bigatik bezero ugari ez pasatzea, behintzat beraien gonbidapen ofizialak jaso baino lehen... ez dut sorpresa hori inolaz ere izorratu nahi.


Zorionak bikote!!! Hantxe egongo gara zuon ondoan behar bezala ospatzeko, nahiz eta ezkontzak gogoko ez ditudan ondo dakizun biok. Eskerrik asko zuon zoriontasun eta maitatzeko erarekin gure egunerokotasunean piperbeltza jartzearren. Gora bihotzak! Altza ditzagun kopak!

No hay comentarios: