2011-04-12

PROBOKAZIOA?...EZ DUT USTE



ANE URRUTIA:

Probokatzea bilatu duzula esan daiteke?

EDORTA JIMENEZ:

Ez, ez dut bilatu. Baina ez naiz isildu eta ez naiz isilduko. Ez da erraza euskal literaturan. «Hamlet» lanean Danimarkari buruz esaten den moduan, «zerbaiti kiratsa dario euskal literaturan». Kontua da zein loturik gauden idazleok, sumatzen dugun kirats hori nondik datorren jakinda, ez baikara salatzera ausartzen. Ni hasi naiz, hau pauso bat da, baina ez dut bilatu probokazioa. Azken urteotan ikusi eta irakurri ditudan kontu batzuk oso probokatzaileak izan dira niretzat. Inork ez du erantzuten. Pauso hau posible izan da psikologikoki, «Mirande kabareta»ri esker. «Igela» aldizkariaren izpiritua berreskuratu dugula uste dut: probokazioa, jolasa, hitzarekiko maitasuna, surrealismo puntua... Gure iraganeko heterodoxoenganaino joan gara. Askatasun osoz, eta euskal publikoaren aurrean sekula erakutsi gabeko lotsagabekeriaz, jantzien, hitzen, jarreraren eta sexuaren aipamen zuzen eta gordinaren aldetik. Emaitza zoragarria izan da eta horrek psikologikoki prestatu egin nau. Gainera, euskaldunon artean konturatu naiz badela heterodoxiarako joera daukan multzo polita. Euskaldunak gaur egunean, gazteenak oso eskolatuak dira, hizkuntzak menperatzen dituzte, kultura maila badute eta hartzaile onak dira. Nolabait, eskatzen ari dira. Guk kabaretean ikusi dugu, batzuk hiru aldiz etorri dira ikustera. Askatasuna ematen du horrek.


2009ko Abenduaren 6an Ane Urrutiak Edorta Jimenezi Durangoko Azokan eginiko elkarrizketa labur batean irakurri nuen hau. New Yorkeko goiz hotz hartan txinpartak jarri zizkion Edortaren ausardiak laborategian. Hemen elkarrizketa "osoa". Bere garain ikusi nuen eta gaur berriz ikusi dut... Anek edo Garak edo batek daki nork komatxoak jarri zituen, literalki Edortak esandako zerbait zela argi uzteko... zergatik? ez al dugu denok hori ikusten? komatxoetatik kanpo dagoena ez al zuen Edortak ere esan? usaina dario...

Edortaren Stock 13 liburuaren inguruko elkarrizketatxo bat izan zela esatea ahaztu zait. Sustrai Colinak Argiarako beste elkarrizketa hau egin zion iazko Apirilean.


Ea egunen batean Edortari idazten diodan, zoriontzeko, bere talento eta ausardiaren berri -emozionala- daukadala aitortzeko. Bi urte daramat hori egiteke.

No hay comentarios: