2011-04-16

LUZEA DA BIDEA


"Egiaztapen honek, hala ere, ez gaitu itsutu behar, luzea baita oraindik ibili beharreko bidea."

Horrela leitzen da ETAk Gara egunkarira bidaliko atariko PDF honetan. Txikia nintzenean kotxearen atzeko partetik anaiak eta biok entonatzen genuen errepika datorkit burura; "ama, noiz iritsiko al gara? Ia 4 urte pasa dira ETAk azken Zutabe zenbakia "kaleratu" zuenetik, 2007ko Irailatik, alegia.

Hona hemen ETAren Adierazpena Euskal Herriari (literalki kopiatua):

Azken hilabeteotan, Bruselatik Gernikara, mundu mailako izen handiko pertsonalitateek eta euskal eragile politiko eta sozial andanak, mendeetako gatazkari konponbide justu eta demokratikoa ematearen beharra nabarmendu dute.

ETAk bat egiten du. Konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa lanabes eta euskal herritarren borondatea iparrorratz duen prozesu demokratikoaren bidez etorriko da.

- Prozesu demokratikoak ukazio egoera eta eskubide urraketa oro gainditu behar du eta gatazka politikoaren muinean dauden lurraldetasuna eta autodeterminazioaren gakoei erantzun behar die.

- Euskal eragile politiko eta sozialei dagokie Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren formulazioa adosteko akordioak erdiestea, proiektu politiko guztiak ahalezko eginez, Independentzia barne.

- Prozesuaren buruan, euskal herritarrek beren etorkizuna inolako muga eta esku-sartzerik gabe hautatzeko hitza eta erabakia izan behar dute.

- Alde orok, erdietsiko diren akordioak eta euskal herritarrek erabakitakoa errespetatzeko konpromisoa hartu behar du, horretarako berme eta bitartekoak ezarriz.

Honenbestez:

Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk. Horixe da behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa.

Erantzukizun historikoarekin jokatzeko garaia da. ETAk, Espainia eta Frantziako agintariei dei egiten die, errepresio neurri oro indargabetu eta Euskal Herriarekiko ukazioa behin betiko albora dezaten.

ETAk, prozesu demokratikoa sustatzeko eta burura eramateko ahaleginean eta borrokan etsi gabe jardungo du, Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte.

Hemen ekimen osoa.

Ba bai, luzarorako daukagula uste dut nik ere, bide ikustezin horretan nire bizitza osoa daramat. Agian hori ere "pertenencia a banda armada" izango ote den galdetu beharko diot Marlaska jaunari. Zergatik dauzkate epaileek hain izen barregarriak? Oposaketa gainditzeko baldintza bat izango al da?


Argazki hau nirea da ere... umekeria dirudit, baina harro nago. Zer egingo diot, haur handi bat baino ez naiz, eta oraindik noiz iritsiko ote garen galdetzen diot nire buruari, bai kotxean, bai kotxetik kanpo.

No hay comentarios: