2010-09-29

BAGA-BIGA


Baga-Biga... Mikelen kanta bat da. Baga-Biga ekoizle bat da ere. Baga-Biga nire tokitxo honen izena da. Baina ez da hor dena amaitzen...
Dakizun moduan, nobelatxo bat idazten nabil. Nobela Baga-Biga tabernan kokatzen da. Xabierri esker nire taberna imaginario hori kokatu ahal izan dut "Marina" taberna dagoen toki horretan. Aurreko egunean Xabierren blogetik pasa eta argazki hau ikusi nuen:

Baga-Biga hortxe dago... olana txuri hori dagoen tokian, ezkerretik zenbatuz gero, boskarren etxe horretan. Lekitxo ezagutzen baduzu, Marina non dagoen badakizu... ea Baga-Biga inoiz ezagutzeko aukera daukazun.

Eta nobelako lehen zirriborro horren 123. orrialdean (zenbaki ederra gero!... ordenatua...) idatzitako hautsa, sua eta zoriontasuna gogoratu nituen. Hemen daukazu zirriborroko zatitxo hori, Bernardo deituriko pertsonaiaren hitzetan:

Eta badator behera ziztu bizian. Kontuz ibili beharko naiz sokarekin edo behatzak erre egingo ditut eta hor bukatuko da paretan berriz itsatsita egoteko daukadan ilusio hau. Niri igotzea jaistea baino gehiago gustatzen zait. Jaisterakoan paretatik urruti nago, eta ostikoka gehiago aldentzen naiz eta berriz ere arazoak korrika datoz burura... garaipen baten iraupena hain laburra delako, porrota baten zapore garratza luzea den bezala, hain luzea non biziza osorako ahosabaian geldi daiteken. Agian horregatik egiten ditugu gauzak, nahiz eta porrota jasatekotan betiereko sentsazio bat izan, lorpen batek dakarren plazerra handiagoa delako. Lorpenak ez du denboran zehar luzaroan irauten, baina sortzen dizun sentsazioaren kalitatea eta intentsitatea alderaezinak dira. Gauza on bat egitea orgasmo bat bezalakoa da, heroina dosi bat bezalakoa, tenis kopa bat bezalakoa, eskenatoki batean abesti bat The Mars Voltakoekin abestea bezalakoa... poztasuna bezalakoa... zoriontasuna, gauean ohean liburu bat argi aproposarekin irakurtzen zaudenean, iluminatutako espazioan dantzan ikus ditzakezun hauts partikulak bezalakoa da.

Zoriontasuna emozioen dantza berezia da. Eta denok dakigu dantzatzen, batzuek besteek baino hobeago, baina dantzatzen dakigu azken finean. Halere, batzuetan ez dugu entzuten musika, ez dugu zapata aproposarik jantzi, edanda gaude, bero handiegia egiten du, dantza bikotea ez da oso dantzari trebea... Hauts partikula horiekin gertatzen den bezala, zorintasunarekin kontu handia izan behar duzu. Hor zaude, ohean etzanda, liburuaren kapitulu zoragarri bat irakurtzen, zure irudimena eta imajinazioarekin hegaz egiten. Pertsona eder bat biluzik zure ondoan etzanda dago, irakurtzen. Bere oin hotzak zure zure hankak laztantzen ditu. Bapatean, liburutik bista aldentzen duzu eta hauts partikulak ipurtargi txikiak balira bezala zure airean flotatzen ikusten dituzu. Norbaitek bibolin batekin mugiarazi egingo balitu bezala, dantzatzen daude. Guk, euskaldunok, ipurditik argia darion animalia izendatzen dugun insektu horri ingelesek “firefly” deitzen diote, suzko eulia. Suak ere ez du betirako irauten, baina hor dagoenean edertasun labur, magiko, laranja eta horixka hipnotiko horrek erraiak berotzen dizkizu. Suak, batzuetan ideiak kontzientziaren apalategian ordenatzen laguntzen dizu, besteetan burua uzten dizun heinean. Hautsaren dantza horrek ere bihotza berotzen dit. Horretarako dantza ikusi behar duzu, nahiz eta bibolina entzun ez. Armonia hori eskuarekin hautsa harrapatu nahiean apurtu egingo duzu. Zoriontasunarekin gauza bera gertatzen da; zenbat eta gehiago harrapatu nahi hainbat eta zailago. Zoriontasuna desiratzean, zoriontasunak min egingo dizu.

David Lynchen pelikula bat dirudi pentsamendu hau; hautsak iluntasunean dantzan, liburu bat, biluzik dagoen emakumea, zoriontasunaren ehiza, desioa... unikornio txuri bat falta da, baina nahiko animalia daukagu ipurtargiarekin. Lynchen obra izateko ihesaldia falta da. Zoriontasuna harrapatu nahiarekin antzera gertatzen da Lekeitioko hondartzako arearekin. Konturatu barik hatzamar artean sartzen zaizu eta oso zaila da hortik kentzea, baina esku artean gorde nahi duzunean, bustita ez egotekotan, area esku artetik ihesi egingo dizu. Hauts partikulak bezala alegia. Eta orain bai, inora doan ihesaldi honekin David deitu eta bere karrera osoa parrafo batean sartzeko gai izan naizela esango diot. Zoriontasunak dosi txikietan etorri behar du, orgasmoak bezala, ilunabarrak bezala, aurrean daukazun horren begietan maitasuna aurkitzen duzunean bezala, garaipen txikiak eta efimeroak bezala. Porrotaren itzalak noiz edo noiz ikutu egin behar zaitu, suntsitu egin behar zaitu, eta bereraikuntza prozesu horretan zure buruaren jabe izatean, porrotaren oroimenak indartsuagoa egingo zaitu. Prozesu horretan gizabanakoak salba dezakeen gauza bat gertatu behar zaizu; benetakoagoa bihurtu behar zara libreagoa izan ahal izateko. Bestela hobeto hauts partikulak ikusten egongo bazina edo ikusten saiatuko bazina. Edo larrua jotzen ondoan daukazun gorputz biluztuarekin. Edo liburu horren fantasia munduari eutsiko bazenio. Baina, arren, ez zaitez aspertu!

Hemen pasarte honen PDFa jaitsi dezakezu. Gogoratu idatzitako guztia zuzendu gabe dagoela, ezta bigarren begirada bat gabe...

1 comentario:

Anónimo dijo...

What a great resource!