2010-08-31

AITORREN BIOGRAFIA


Atzo esan nuenaren ildo beretik... aperitibo bezala... bere garaian Aitorri, nire "mehatxuarekin" Ermuara bidali nion poema:


Aitorrek denborari buruz
berriz idatzi dit
lehentasunen ierarkiaren aldapatik
gora eta behera eginez.


Denboraren izaera gaseosoa eta laburra
daukat nire aurrean beste behin ere;
autobus geltokiko markesinan
nire ahoa ondoan ipini
hotzetik babesteko
eta nire arnasa, ikustezina izatetik
lurrina bihurtu da lehenengo,
eta gero nire barrutik
ateratako hodei gris hura
lapurtu egin dio
beirari bere gardentasuna.


Bizpahiru segunduz, ondoan dudan mundua
uherragoa bihurtu da
eta denbora bezain fina…
segituan,
beiratik ihesi eta airerako lurrin bidaian
beste norbaiten birikietako berotasuna
bilatzera joango da.


Barrutik hoztu naizenez
nire arnasaren hodeiak
nire barruan gelditu dira
eta ez dira ikusmen mundura irten.
Baina Ermuatik arnasa
elur maluten artean datorkit.
Denbora bezain fina.


Aitorrek idatzi dit beste behin ere
eta ideia berri bat daukat
txorakeri bat, elur maluta bat
segundu batean urtu egingo dena.
Eta hori gertatu beino lehen,
desagertu baino lehen,
hemen grabatu behar dut
Martaren tatuajeak bezala:


Aitorren biografia idatzi nahi dut
erreala edo ez,
poetikoa edo ez,
imaginarioa edo ez.
Berea gutxienez, bai.




PDFa jaitsi nahi baduzu, hemen daukazu.

2 comentarios:

Anónimo dijo...

pdf-a ezin da jeitsi...
oraindik zure olerkiak leku seguruan gordetzen dugunontzat

Eneko dijo...

Esker mila gogoratzearren! Burua galduta nabil Bruselako bidaia dela eta ez dela eta Egoitzi argazkiak eta pdf-a bidaltzea ahaztu egin zait. Laster bere zerbitzaritik jaitsi ahal izango duzu...