2010-08-20

BI UME. BI LAGUN. BI GIZON.


Laurogeitamarreko hamarkada hasierako (memoria faltak behartzen duen eufemismo tenporala) udazken batean ezagutu nituen Oier eta Xabi ikastolako saskibaloi zelai bateko hiruko marra haren ondoan. Lauroeta auzoko mendiak berde-berde zeuden eta zerua gris-grisa, nire barruak bezala, gaztetxo heldugabe eta deprimitu bat baino ez bainintzen. Oier eta Xabi nik entrenatzen nuen saskibaloi taldeko jokalari onenak izateaz gain, oso pertsona bereziak ulertu zirela berehala ulertu nuen. Beraiekin hamaika gauza egin nuen, lau urteko desberdintasuna gure artetik gutxinaka desagertu zelarik. Halere, beraiek umeak ziren eta ni nerabe bat.
Egunak astetan eraldatu eta hilabeteak ere urte bihurtu ziren; Oierri esker Mentxi eta Aiskander ezagutu eta Hutsiken bigarren gaztaroa bizi genuen... eta gaur skype bitartez Mungiako Oierren gurasoen etxetik deitu didate. Elkartu dira, batzuetan egiten duten bezala, kitarrekin kanta batzuk jo, idatzi eta abesteko.
Testuinguru pila bat emango dut...

Nire bizitza nomada osoan, ibiltari moduan jada bederatzi bat urte daramat-eta, amets bat izan dut: lagunmin baten bisita sorpresa bat. Oierrek amets hori bete zuen Columbiako nire laborategian sartu zenean. Flipea oraindik senti dezaket. Bai! Oier bisitan etorri zen New Yorkera beste figura batekin (Gorka a.k.a, perran edo perrankue niretzat, nahiz eta beste zortzi mila ezizen izan) aurreko urteko udazkenean ere (begiratu testuaren azpian dagoen azken argazkia, George Washington zubiaren aurrean, New York Psyquiatric Institute-n kafetxo goxo-goxo bat hartu genuen goiz hartan). Medikuntza bukatzear zegoela esan zidan eta erresidentzia Irunan bukatuko zuela aurtengo maiatzean. Londresen denboraldi bat egon omen da eta liburu kliniko-zientifiko bat idatzi du hango beste medikuekin batera. Aurten Txinan egon da beste lagun bat bisitan eta etzi Londresera dihoa berriz ere, beste denboraldi baterako. Bitartean nire lehen nobelaren pertsonai bat bihurtu dudala badaki Oiertxok.
Xabik, bere aldetik, Filologia Hispanikoa ikasi zuen eta bi aste barru irakasle lanak hasiko omen ditu Madrilen. Han bost urte izan da tabernaz-taberna bere kitarra eta pianoarekin bakarlari lanak akustikoki ederki betetzen. Xabi myspacen dago. Berak gaur esan didan bezala, hor dagoen materiala nahiko zaharra da eta maketa formatoan dago, baina diska bat grabatzekotan da.

Bi ume ezagutu nituen eta beraiek konturatu barik nire bizitza zeharo aldatu zuten. Umetasunari, Peter Pan moduan, heldu nahi nionean beraiekin ulertu nuen ez nintzela jada ume bat. Beldurra sentitu nuen arren, beraien mamuak aldentzen pixkat lagundu nuela pentsatu nahi dut ere. Hor ulertu nuen nagusitzen ari nintzela. Umetxo bi hauek nigan nerabe-gizon proiektu bat ikusi zutenean. Beraientzat idolo antzeko bat izan nintzelakoan nago. Agian beti bezala exageratzen baino ez nabil, edo errealitatea literatura bihurtzen saiatzen.

Dena den, skype bitartez bi kanta entzuteko eta ikusteko aukera izan dut gaur eguerdian, bigarren kantan nire kitarra atera dut eta beraiekin batera kontzertu akustiko online bat egin dugu, bizitza poesia bihurtuz... zuk argazki parea ikusteko aukera izango duzu soilik; agian Bruselan, agian Londresen, agian Madrilen elkartuko gara eta hiruron artean zarata egingo dugu. Noski gonbidapena behar bezala luzatuko dizugu.

Animo mutilak! Eskerrik asko kutxez inguraturiko nire egun honi piperbeltz pixkat jartzearren!



No hay comentarios: