2011-02-11

KASUALIDADIE


Oierrek Azaroak 26an, goizeko 10etan, mezu bat bidali zidan. Imeil bat. Bertan, bere bizitzan berezia den pertsona batek bere familiaren zati bat galtzean gertaera bitxi bat kontatu zion; Mikolasa, Mari eta Joxepa lehengusinen ingurukoa. Nik, baimena eskatuz eta fikzioaren laguntza apurrarekin istorio labur hau idazteko beharra sentitu nuen. Zer da benetazkoa? Zer ez? Nik jada ez dakit... maitasun osoz lehengusinen erlazio bereziari nire omenaldi xumea. Eskerrik asko inspirazioagatik! Gauza bat... hemen soilik hasiera dago, dena irakurri nahi baduzu hemen daukazu PDFa.

Goiza da. 10.44ak kotxeko irratiko ordutegi koloretsuan...

Kotxetik irten naiz. Kotxea. Etxea. Ko-etxea... filosofoa bezala, pentsalaria bezala, nobel sariduna bezala. Zenbat gauza izan daiteke pertsona batek?

Nire garuna martxan jarri da, gutxinaka, eta beti egin duen zerbait egiten ari da; hitz berriak asmatzen ari da. Bada egun parea bizitza hankaz gora jarri zaidala eta kotxean egiten dut lo. Lehen bizikleta erabiltzen nuen beti, orain kotxean bizi naiz. Baina ez dut uste nire bizitza Mel Gibson edo Bruce Willis bezalako pelikula bat denik. Gainera ni ez naiz polizia. Egia esan Mel eta Bruce, nik dakidanik, ez dira poliziak. Ezin ninteke polizia izan, beraiek batzuetan polizia izatearen ilusioa bizi egiten dute. Fikzioa eta errealitatea. Filosofiarentzat galdera, baina ni ez naiz filosofoa. Kazetaria naiz. Nire lagun Rayk esaten zuen bezala, kazetariok egiaren poliziak direla esaten dute. Rayk ere kazetariok filosofoak ere garela esan ohi zuen, fikzioa errealitate bihurtzen saiatzen garelako, edo alderantziz al zen? Ray Afganistanen hil zuten, min kolateralak deritzoten horietako eraso batean. Nik sentitzen dudana mina da, horretaz ziur nago. Kolateral hori nik ez dakit nondik datorren.

Nire anaiaren kotxea da. Ez dakit zein marka den, baina beltza da. Uste dut. Beltza gustoko dut. Nire benetazko pelikula honetan ez da ezer gertatzen. Nire anaiak zoroen pelikulak deitzen zituen nik horrelako filmeak alokatzen nituenean. Etxera iritsi bezain laster gure gelatik irten eta karatula ikustean “Joder, otra peli de atrapaus!” oihukatzen zidan.

Bai. Nire anaiarekin gazteleraz hitz egiten dut. Frankismoaren min kolaterala. Erregimenaren garaipen isila, kirolarekin zerikusirik ez duten garaipen guztiak bezala. Isila bezain suntsitzailea. Nire pelikula honetan ez da ezer gertatzen. Baina hori esan dizut jada. Nota hauek ez dute ezertarako balio izango. Nahiko zoratuta nago. Ziurrenik nire idazkera ulergaitza dela eta zure kabuz hori asmatu duzula jada. Agian ez.

Hotz egiten du. Ez handia, ez txikia. Hotza. Kafe usainez inguratua nago, taberna batean. Kafe usaina ez... hobeto esanda... kiratsa... hobeto usainduta. Leihoan, nire irudiaren islada ikusi eta nire bizarraren zehaztasun zorrotzak hobeto ikusteko altxatu naiz. Leihorantz noan bitartean emakume bat ni begira dagoela somatu dut. Aurrera jarraitu dut. Ez pentsa, ez zait sarritan gertatzen, emakumearena. Beraz, nire pertzepzioa guztiz faltsua izan daiteke, eskerrak egunkariek hori ez dakitela, eskerrak bezeroek hori ez dakitela. Bezeroak? Horrelakorik ez dago jada... dena gertatzen da beste edonon. Kapitalismoak bezeroak egin eta desegiten ditu. Goazen harira. Goazen leihora. Leihora hurbiltzen naizen bitartean nire irudia desagertuz doa eta kalea soilik ikus dezaket. Nola ez naiz zoratuko ba? Hor nengoen eta orain ez nago. Nire aitarekin gertatu zen bezala. Nire anaiarekin gertatu zen bezala. Nire alabekin gertatu zen bezala. Nire emaztearekin gertatu zen bezala. Nire islada ere guztiz desagertu eta kale bat aurrean daukat. Ez dakit zein den kalearen izena, eta berdin diola uste dut. Argazki bat aterako dut eta listo. Baina badakit Mungian gaudela, eta hori garrantzitsua izan daiteke. Horrela aurkitu egingo nauzu.

Kaka zaharra... boliaren tinta bukatzen ari zait eta dena buruz gogoratu beharko dut....

[hemen jarraitzen du].

No hay comentarios: