2012-06-08

ZU EZ ZARA NIRE LAGUNA IV


Azkenean Naiararen erantzuna iritsi zen:

Montevideo, ekainak 1.


Berdaitz,


Ile luzeko Berdaitz. Arrakada eta konfiantzaz beteriko Berdaitz… Non dago garai hartako Berdaitz? Gau bateko kontua zela esan zenidan, kotxetik jaitsi gabe, emandako musu frenetikoek arnasestuka utzi zintuztenean, zure eskuak etsi-etsian nere alkondararen azpitik sartzen saiatzen zinen bitartean. Garai hartako Berdaitzek ez zuen konpromisorik nahi, eta atzera begiratu gabe alde egin zuen basotik bueltan, ni herriko enparantzan utzita.


Gaur, etxera heldu naizenean, ate azpitik sartzen dizkidaten hainbat gutun eta paper koloretsuren artean zure bi gutunak aurkitu ditut. Bigarrena irakurri dut lehenik, zorro eta berokia kendu gabe, maleta gainean jesarrita, giltzak eskuan oraindik. Bigarren bat zegoela ulertu eta hilabete eta erdiko faktura eta propagandaren artean aurkitu zaitut. Fantasiak ez du fidela izan behar esaldiarekin argi izan dut konpromisoekin arazoak izaten jarraitzen duzula.


Ni ere ez naiz garai hartako Naiara hura. Nik ere, ardiei alde egin nien atzera begiratu gabe. Garai hartan, gure herri ederraren mentalitate apala baino alu egartiagoa neukan. Herrian ez zegoen nire fantasientzako tokirik . Zin degizut Montevideon bizi naizela, baina Mújicaren gobernuko industri ministerioarentzat lan egiten dut eta nahiko bidaiatzen dut. Gutuna idatzi nuenetik bidaltzera animatu nintzen arte, pare bat egunez nirekin eraman nuen, eta, azkenean, Boliviatik, La Pazetik, bidali nizun. Ondo jotzen dute larrua boliviarrek. Neketsua da, denbora gutxi ematen dut La Pazen eta girotzea gogorregia da. Ahalegin fisiko txikienak arnasa lapurtzen dizu, agian horregatik da handiagoa plazerra.


Duela hamabost urteko Berdaitz grinatsua zen, eta azkar probatu nahi zituen berotzen zuten jarrera guztiak. Minduta laga ninduen zure zakil gogorrak, baina zoriontsu, ipurtzuloaren plazerra aditzera eman zidalako. Ez zenuen kotxetik irten nahi, ongi gogoratzen dut. Pozten nau, beraz, belarretan txortan egin dezakegula imajinatzeak, bion erritmoan, lasaitasunez, nekatuta dauden bi gorputzen erritmo motelean.


Mugida arraroren batean ote nagoen? Zer da zuretzat arraroa? Arraroa al da, akaso, gustukoa ez duzun bizitza bat aldatzeko zerbait egitea?


Grinaz eta fantasiaz beteriko emakume sukoia izan naiz. Baina egun batetik bestera, oharrik gabe, nere sexualitatea guztiz aldatu da. Arazo larria da hori. Oso. Bikotekidearekin bizitza ederra izatetik, perbertsoa kasik, mina eta deserosotasuna sentitzera. Aseezintasuna.


Egun batetik bestera, hogei urteko fantasiak ase eta desagertu egin ziren, behar eta nahi ezberdinak sortuz. Onartzea kostatu egin zitzaidan, eta luzaroan jarraitu nuen betiko erritual eta ohiturekin. Gero, egun batean, zu agertu zinen bainugelako agerraldi hartan, eta indarra irabazi nuen plazer atsekabeak alde batera uzteko eta nahien bide berriari ekiteko. Zurekin larrua jotzen hasi naiz egunero, kotxetik kanpo, bazen garaia.
Bero nago. Muxu handi bat.


Naiara.

Laster azkeneko gutunak.

No hay comentarios: