2012-03-06

ENEKO ETA JON


eneko:

ostiralek ostiral izaten jarraituko dute

baina mezu hauekin bat beharbada ez
nire kemena bukatu delako ere
inor ez dudalako Bagara behartu nahi
etorri nahi duenak, nahi duelako etor beza
ez ni hona natorrelako ostiralero:

lotsa sentitzen dudalako ni ere, ez pentsa,
behin eta berriro mezu hauen bidez nirera deitzen zaitudanean
nire deiadarrak ispilu aurrean entzuten ditudanean,
nire lana ikus dezazun deitzen zaitudanean
hemendik oihuka egiten dudanean
behin, eta berriro

nobelari lehentasuna eman nahi diot ere (hau agian aitzaki bat da)
zirriborroko berrehun orrialdetara lanera noa
laster idazle bat naizen edo ez jakingo dugu

ez dakit lortuko dudan
ostiralero zu barik isiltasunean,
baina saiatuko naiz.

bitartean…
poema bat, bi eta hiru
nire zeruen aurrean
beste askoren artean.

jon:

Ai Eneko

errudun sentitzen naiz
ez dizudalako askotan ezer ere esaten
zure mezu beti biziak irakurri ostean.
barkatu nire harrokeria
nire seriotasun falta.
Ez dut ulertzen zergatik
dituzun zalantzak:
idazten duzu
zure testuek argia ikusten dute
eta irakurria zara
jendeak zure testuak irakurtzen ditu
(nik oso gustora gainera)
ni konpainia onean sentitzen
naiz zure gauzak irakurtzen ditudanean
nahiz eta batzutan apur bat triste ere jartzen naizen
(gauzak benetan esaten direnean horixe baita arriskua...
eta hori literatura baino geihago da)
ez euki zalantzarik
idazlea zara zu
ederra gainera.
Musu handi bat
zuretzako eta zure
testuentzako

eneko:

badakizu zure hitzek
beti
oihartzun handia dutela nigan
nire tripa goseti hutsetan
frontoiaren bi paretak bailitzan
aurrera eta atzera datoz
zure hitzak
fitolako poemekin bezala
beste behin ere
zure hitzak ikasiko ditut
hauek gainera
nire zauriak eta ziurtasun-ezak
sendatuko omen dituztelako

gaurkoan are gehiago
gaurkoan
etxeko salda beroa dakarkidazulako

ez duzu errudun sentitu behar
ezta pentsatu ere…
esaten duzun bezala
irakurtzen nauzu
eta horrek balio paregabea du niretzat

nik behar desberdinak ditut
Pako Aristiren liburua irakurri eta hari idatzi beharra
Karmele Jaiorenarekin berdin
Mursegoren diskarekin ere
Rafa Ruedarekin, antzera…
Mikel Urdangarin, Mikel Markez, Bernardo Atxaga,
Maialen Lujanbio, Andoni Egana
Kirmen Uribe,
Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre (Berri Txarrak)
Aitor Gorosabel (su ta gar)
Jon Gerediaga
Mikel Gonzalez (amasay)
Joseba Barrenetxea
Tom Hagen
Gorka Arrese
Edorta Jimenez, Irati bere alaba
Anari…

eta zerrendak jarraitzen du…
letania zahar batelez

behar hori sentitzen dudalako
zuoi, artistoi, idazten dizuet

ezin diot munduari berdina eskatu
mundua ez delako nire tripak bezalakoa
mundua ez delako hitzen oihartzun
mundua ez delako frontoi berde bat

eskerrik asko idazleago sentiarazi nauzulako
benetan, 
bihotzez,
burmuinez.

gora bihotzak!
nirea igo egin duzu, egon zaitez ziur

1 comentario:

Anónimo dijo...

Me encanta leerte...y Euskera suena mejor, aunque a mi me lleve más trabajo. ESKERRIK ASKO!

Yo quiero mi email del viernes, Sr. Eneko Urizar Idazle jauna!!!

Li.