2012-02-16

HEGOALDEKO AUTOPISTA


1966ean argitaraturiko liburu batean agertu zen Julioren istorio hau lehen aldiz. Ni orain Cortazar jaunaren ipuin guztien bilduma zoragarri bat irakurtzen nabil. Eta gaur Susatik imeil bat bidali didate, emailu horietariko bat, astero bezala. Bertan Ereinek 1994an argitaraturiko Gerardo Markuletaren itzulpena irakurtzeko esteka bat dago. Honela hasten da:

Hasiera batean, Dauphine-ko neska iragandako denboraren kontua hartzen tematu zen, baina Peugeot 404ko ingeniariari berdin zitzaion ordurako. Erlojuari begiratzea, edozeinek zeukan, baina bazirudien eskuturrari lotutako denbora horrek, edo irratiko bip-bipak, beste zeozer neurtzen zutela, hain zuzen igande arratsaldez hegoaldeko autopistatik Parisera itzultzeko nahikari ergela izan ez zutenen denbora, ze horiek, Fontainebleautik irten berriak, autoa abiada geldoan jarri behar izan baitzuten, gelditu, sei auto ilara alde bakoitzeko (gauza jakina da igandeetan autopista osoa erreserbaturik izaten dela hiriburura itzuli nahi dutenentzat), motorea martxan jarri, hiru metrotan aurrera egin, gelditu, eskuinetara 2HPko mojekin solas egin, ezkerretara Dauphineko neskarekin, atzeranzko ispilutik Caravelle-a gidatzen zuen gizonezko zurbilari begiratu, Peugeot 203ko (neskaren Dauphinearen atzean) senar-emazteen oilo-zoriona ironikoki inbidiatu, alabatxoarekin jolasean eta txantxetan eta gazta jaten ari baitziren, edota noizean behin Peugeot 404aren aurreko Simcako gaztetxo bien lotsagabekeria erretxinduak jasan, bai eta, tarteka, errepide gaintxoetan, automobiletik jaitsi ere, sekula urrutira gabe egoera aztertu (sekulan ezin baitzitekeen jakin aurreko automobilak noiz jarriko ote ziren berriz ere martxan eta orduan korrika itzuli beharra izango zen atzekoek ez ziezaioten bozina eta irain borrokari ekin) eta, honela, ordua une oro begiratzen zuen neskaren Dauphinearen aurreko Taunus baten parera heldu, eta esaldi etsitu edo txantxazko batzuk trukatu haur ilehoria zeramaten bi gizon haiekin —egoera jakin horrexetan, jostatze amaigabea zen haurrarentzat jolas-autotxoa Taunuseko eserlekuen eta atzealdeko ertzetik korrika askean ibilaraztea— edo ausardia izan eta aurreraxeago jo, ez baitzirudien aurreko autoak artean berriz ere martxan jarriko zirenik, eta nolabaiteko errukiz so egin ID Citroëneko senar-emazte edadetuei, beren autoak more koloreko bainuontzi erraldoia baitzirudien eta senar-emazteak bertan gain-igerian, agurea besondoak bolantean etzanik nekadura egonarritsuaren posturan, atsoa sagar bati koxkada ttikiak ematen, arretaz, gogoz bainoago.

Osoa irakurtzeko, hona joan.

Zergatik idatzi zuen Juliok ipuina?

No hay comentarios: