2011-10-25

ESTUDIORA SARTU BITARTEAN


Eguzkia irten bezain pronto
iluntasunean amestutako hura
egiteko gogoa
gelditu zait eztarrian itsatsia

Egun berri bat
ezinegon berri bat ;
egun berri bat
ametsak pintatzeko aukera
goizeko kafearen azukrea
zure kanta bakoitzarentzat letra
kanta ezazu arren
bion artean idazteko daukaguna!

Egun berri bat
ezinegon berri bat ;
eta ile txuriagatik ez balitz
hilabete desberdinak
antzekoak lirateke

Etor zaitez nirekin
erantzunen bila
goazen ba horko tabernara
eta eraiki dezagun eskenatokia
behingoz
begira gaitzaten aurpegira

Egun berri bat
aukera ezezagunez betea
ezinegonen gela huts honetan,
maletak eraman dituzu eta.
Irrati bat dago lurrean
soinu berri bat dariola
halanolako egunerokotasunarekin
dantzan
usaina eta sukarra dituzten
idei guztien multzo honetan.

Musika idatzi nahiko nuke
arrotza suertatzen zait
fa, mi, re eta sol hizkuntza
-la txiki zein bemol-
askatu iezadazu alfabetoa
eta piztu itzazu hitzak
bost axola norabidea
metro bakoitza
delako funtsezkoena
ezinegonek forma
hartzen baitute bidean.


PDFa hemen daukazu

No hay comentarios: