2011-09-27

DISKO TXARRA


Berri Txarrak bere zazpigarren lana grabatzen ari da Venicen, L.A.n. Blog bat daukate. Normalean Gorkak idazten duela uste dut, eta Galderren argazki potenteak hortik daude ere. Pau hortik dagoela jakiteak emozio berezi bat sortzen du nigan. Bai... zoratuta nago. Hamahiru urteko neska fan maiteminduta ematen dut. Aitortzen dut. Eta?

Horiek horrela, gaur hau irakurri dut blogatik bertatik:

"35 egun dira jada L.A.-ra iritsi ginenetik. 35 egun lan eta lan, BTX-en 7. diskoa izango dena taxutzen. Sormenez, sentsibilitatez, emozioz, indarrez eta pasioz beteriko 35 egun. Aurretik bizitako esperientzia ororekiko diferentzia markatu duten 35 egun. Niretzako, disko baten grabaketa prozesua sekula ez zen hain sakona izan. Sinetsidazue, urteak daramatzat jotzen eta grabatzen, baina hau da lehen aldia halako zerbait sentitzen dudana; benetako, egiazko zerbait egiten ari naizenaren sentipena. Zenbaitetan neure buruari galdetu izan diot, posible ote litzatekeen oraindik ere urrats bat haratago joatea. Orain badakit baietz, posible dela…

Normalean, sortze prozesuaren baitan, iristen da momentu bat non objektibitatea galdu egiten baita, perspektibak huts egiten dizu, zalantzak sortzen dira, ziurtasun faltak, eta jadanik ez dakizu egiten ari zaren hori ondo dagoen ala ez… Gorkak, Galderrek eta hirurok etengabe sentitu izan dugu aldaketa sentsorial hori, normala da. Are, izan zen, entseatzen ari ginen garaian, disko berriari “DISCOMALO” deitzen genion denboraldi bat. Oro zen zalantza eta beldur, eta hari aurre egiteko-edo, entseiu horien “verbatime”-ak pasatzen genizkion elkarri, izenburu hori idatzita: DISKO TXARRA. Dibertigarria zen alde batetik, baina finean akojonatuta geunden!!!

Bada, Gorka ahotsekin ari da oraintxe, diskoari azken ukitua ematen. Lau kanta baino ez zaizkio falta eta kabroia izugarri ari da, ez sinesteko moduan abesten (entzuten duzuenean jakingo duzue zertaz ari naizen). Galderrek ere beste hainbeste egin zuen bere txanda heldu zelarik (lasai, ulertuko nauzue…). Esango nuke 35 egunotan ikasi dugun gauzarik garrantzitsuena izan dela gure inguruaz zeharo ahaztea. Albo batera utzi gure ziurtasun ezak, zentzumen gezurtiak, aurriritziak… eta jotzerako orduan zintzoak izan, nota bakoitzean sinetsiz eta batez ere, gu geu izanez… inoiz ez genituen kantuak hain geure sentitu, eta horrek badu erantzule bat: ROSS jauna.

Hau esanda, “DISKO TXARRA” amaitzeko zorian gaude… sekula ez nintzen disko batetaz hain ziur egon… bai, badakit topiko bat dela eta ez dagoela ondo neronek esatea, baina oraingo honetan egia da!!

pd: Ahaztu gabe: Azkuna, Bilbo ez da zure etxeko egongela!! Entzun jendearen ahotsa… AURRERA KUKUTZA ETA ERREKALDE!!!! ANIMO GUZTIOI…
.

Dav.
"

David Gonzalez baxujoleak sinatua datorren berba. Berbatime. David, flipatuta utzi nauzu. Ezagutzen dugunetik ez zaitut hain sakon sentitu. Pozten naiz. Aurrera mutilak. Berri Txarrak. Disko Txarra.

Txarrak ote diren edo ez, bost axola. Gainera, nor naiz ni analisi horretan sartzeko? Musika egiten al dut? Ba ez. Hedoi Etxarteren iritzia ere hona ekartzea zinezkoa dela uste dut. Zera gogoratu dut Hedoi irakurtzerakoan, egiten duzuna egiten baduzu ere, kritikatua izango zara; idazten duzuna idaztean, gaizki ulertua izango zaren moduan.

Radio3eko kontzertuko kanta hau berrikusentzuteko aitzakirik ez dut behar, zuk agian bai:

1 comentario:

PV dijo...

Berri Txarrak son la neta. Noiz nahi dut haiek bezala hazten dut.

Gracias Eneko por hacerme descubrir esto.
P