2012-05-13

EZ ZARA NIRE LAGUNA I


Nuriak eta biok Euskarabilako Ipuin Erotikoen 17. lehiaketara ipuin bi bidali genuen. Ez dugu irabazi. Idazlanak publikoak egin daitezkela uste dugu.

Beraz, hona hemen lehen ipuinaren lehen kapitulua. Bucketheaden kanta honekin irakurri dut nik oraintxe bertan, Naiara musika klasikoa entzuten zebilen arren:



Montevideo, apirilak 5


Negarrak zauriak sor zitzazkeenean eta beldurrak harri bihurtuko ninduela zirudienean, orduan nire grinaz jabetu nintzen. Momentura arte bizitako sexualitatea atsegingarria izan bazen ere, azkeneko boladan sentikortasun latz eta zakarra baino ez zidan eman. Baina momentu hartan, bihotzak odola garrazturik taupadaka nire gorputzean zehar zabaltzen zuenean eta malkoek begiak erretzen zizkidatenean, orduan, baina argi ikusi nuen. Ostadarra bezalako arnas freskoa hartu nuen sama lorez betez, begiak itxi nituen eta, horra hor, zure eskuak agertu ziren nere bularren artean.


Gaur arte, hitz hauek irakurri dituzun arte, ni izan naiz harritu bakarra. Betazalen atzean agertzen zen pertsona hark, zuk, alegia, lasaitasuna baino, izen gabeko zerbait bereziagoz bete ninduen. Ez dakit zergatik, baina zu agertu zinen… Zu… zure esku handi eta gazteekin nere gorputza laztantzen.


Begiak itxita nituela, irratia piztu nuen programatuta dugun musika klasiko saioan. Musika klasikoa ozen jar daiteke auzokideak izorratu gabe, eta etxean ditugun harremanen oihu eta zaratak ongi estaltzen ditu irrati horrek. Irratia piztu nuen eta zure eskuek margotzen zuten bidea sentitzera galdu nintzen. Nire atzean jesarri zinen, komunean ginen, malkoak beti komuneko azulejuetan botatzen ditudalako, bera koito-ondoko loaldian desagertzen den bitartean…


Atzean jesarrita zinen, nire gorputza leun ibiliz, zure ile luzea nire sorbalden gainean belusa balitz bezala…
Nire buruan momentu hartan nola eta zergatik agertu zinen ez dakit. Hainbeste urte beranduago… Baina pentsamenduaren indarrak -memoriaren eta desioaren indarrak- benetakoa bihurtzen zintuen nire bainugelan, nire atzean jesarrita, ni zure hanken artean, nire bularrak zure esku artean, zure zakila nire bizkarraren kontra. Zurea ez zen esperma lehorrak utzitako orbainaren gainetik atzamarren puntak pasa zenituen, baginaren biloan korapilatzeko azkenik.


Kontu handiz mugitzen zinen nire gorputzetik. Aurrez aurre biluzik elkarrekin lehenengoz ginelako edo. Agian, bazenekielako izorratu ahal ninduen edozein mugimenduk begi-kliska bat sortaraz zezakeela. Gertatuz gero, betazalen atzeko babesetik desagerraraziko zintuen. Lasaitasunez abiatu zinen alutik gora eta behera, irratiko soinu leunarekin bat eginda.


Eroso sentitu nintzen zurekin. Gaztea zinen. Ni, ordea, jada ez naiz horren gaztea. Apur bat loditu naiz, baina gustura nago nire gorputzaren barnean. Zu ere gustura zeunden nire gorputzaren barnean.


Kontu handiz, zakila tente-tente sumatu nuenean, zure hankatartetik irten eta zure gainean jesarri nintzen atzeraka. Ispiluan ikusten nuen dena. Begietara begiratu genion elkarri istant batez, gau hartan bezala, kotxeko ispilutik.


Izerditan hasi ginen. Zure usaina gogorra zen. Gogorra, baina atsegina. Gure gorputzen talka Franz Liszten piano teklen azpian ezkutatuta geratu zen. Campanellaren azpian.


Zutik jarri zinen eta konketaren gainean jesarri ninduzun. Aurrez aurre geratu ginen. Esku beroez aldaketatik heldu eta kolpe ziur batez nire barnera bueltatu zinen. Ezpainak minduta sentitu ondoren, laster desio-isuriz bete nintzen. Zuk ere mina sentitu zenuela uste dut, istant batez geldi hormari begira geratu baitzinen.


Nirera bueltatu eta koskada txiki bat eman zenidan lepoan, ahoan lehenengoz musukatu baino lehen. Zer egin duzu beheko ezpainean zenuen arrakadarekin? Ez nuen aurkitzen. Aldakak arin mugituz, zure barrabilen talka bakoitza gero eta kitzikagarriagoa zen. Izerdia, talka, isuria. Zure besoak nire inguruan ziren, nire eskuak zure ile luzearen artean, biok arnasestuka. Zu gero eta nire gainerago, ni gero eta irekiago... orgasmoa. Orgasmo luze eta sakona.


Begiak ireki nituen, eta dutxan sartu aurretik, denbora luzez egon nintzen lurreko baldosen irudiaren amaigabetasunari begira. Dutxan sartzean busti-bustirik nengoen, baina isuri beroa epeltzen hasia zen. Ur azpian bularrak hartu nituen zure ukimena nere eskuetan bilatuz.


Zure ukimena gehiagotan -berarekin atsekabetuta bukatutakoan- bilatu dudan arren, deigarria egiten zaidana da sexu-harreman lasai eta sinpleenekin beti orgasmo sakon eta sutsuak sortarazten dizkidazula. Ez dakit zergatik, baina ezin zaitut burutik atera. Haatik, sexu-ohikeriari beldurra diot, eta larrutan nola egin nahiko zenidakeen jakin behar dut.


Elkar ezagutu genuen gau hartatik hamabost urte dira. Kotxez eraman gintuzun Lekeitioko sanantolinetatik herrira bueltan. Likonako auzoko baserri isolatuenean bizi zinela gogoratzen dut. Endai kanpinaren aurretik pasa ginen bidean. Gau hura eta gero ez zintudan berriro ikusi. Badira hamalau urte herritik alde egin nuenetik, baina ongi gogoratzen ditut herriko kaleen izenak. Zure familiaren baserrira bidaltzen dizut gutuna, norbaitek helaraziko dizulakoan. Konpromisotan ez sartzeko, igorlerik gabe doa, helbidea baino ez dut ipiniko gutun-azalean, non nagoen jakin dezazun, erantzuteko gogoa izanez gero.


Naiara.

Hurrengo kapitulua laster.

Nuria, ez dakizu zenbat eskertzen dizut elkarrekin egin dugun lan hau.

Usotxo, mil esker aholku, zuzenketa eta beste lan guztiagatik ere!

No hay comentarios: