2011-03-04

HUTSIK UTZIZ


Argazki album zahar bat emaidazu; eskaner bat, ordenagailu bat, pare bat programa, mikro kakoso bat… gitarra akustiko bat… eta… beno…



Argazkiak ez dira beste munduko ezer, bai jatorrizko kalitateagatik eta bai eskaner kaskarragatik ere. Grabazioa nire gitarra akustikoarekin egin nuen aurreko egunean, zuzenean, 7 eurotako mikro bat erabiliz (ez gitarran sartzen den kable horietako bat). Froga bat zen. Baina gaur animatu egin naiz eta edizio pixkat egin dut. Grabazio berbera da, pista berbera… eta nik musika softwarei buruz tutik ere ez dakit… aspaldi ez nuela jotzen… buf… zelako aitzaki bilduma galanta!

Kaka bat atera da. Egia da. Baina pozik nago. Oso pozik. Lehenik eta behin, grabazioak, Hutsik taldeari omenaldi txiki bat egiteko balio egin didalako (irakurtzen jarraitzen baduzu). Abesti hura ez genuen taldearekin inoiz elkarrekin jo, Barrik eta biok jo genuen behin edo birritan, lapurketa gertatu baino pixkat lehenago…

Hutsik zer izan zen ez dakizula? Bernatek eta biok egingo dugun dokumentala bidaliko dizut. Baina, laburbilduz, Hutsik nire amets madarikatu horietako bat izan zen. Beste bat. Gitarra elektriko bat nire osaba Jaimeri erosi nion, Ibanez eder bat. Beltza. Hor hasi zen dena.

Gurutz eta Barrirekin gurutzatu nintzen. Nola gertatu zen ez dut gogoratzen. Denak ikastola berdinean ikasitakoak ginen. Halere Barri eta Gurutz ni baino gazteagoak ziren eta ni jada unibertsitatean nengoen, beraiek ikastolan jarraitzen zuten bitartean. Barrik esan zidana ez dut inoiz ahaztuko, “estiloa igual zait, nik jo nahi dut; zuri tangoa gustatzen bazaizu, tangoa jotzen ikasiko dut… ska gustatzen bazaizu, ska… sardanak…”. Barriri hardcore melodiko deitzen duten hori gustatzen zitzaion (Millencollin, Pennywise, No Use For a Name… bezalako taldeak entzuten zituen). Eta horrela, hirurok, anpli txikiekin (oso txikiekin), Barriren etxean jotzen hasi ginen. Bilboko alde zaharreko Santamaria kalean. Zelako emozioa. Larunbata goizean energia berezia batek bultzatzen ninduen. Nik Barri eta Gurutz pixkat kontagiatu nituela uste dut. Ni, behintzat, jota emozionata nengoen.

Ez genituen bertsioak jotzen hasi. Oso txarrak ginen, baita bertsioak jotzen hasteko ere. Halere ez genuen ikasketa musikalik egin. Astebururo Barriren etxean elkartzen ginen. Zarata itzela egiten genuen. Nik “kintak” soilik jotzen nituen… oso gaizki. Baina asuntoa ez zen kalitatea. Handik Deustuko Mr. Jam lokaletara joaten hasi ginen… eta han zerbait gertatu zen. Ikastolako beste tipo bat, Urrotz, bateria gurekin jotzen hasi zen. Ez dakit nola gertatu zen. Berdin dio. Mr. Jamen gelatxo bat alokatzen hasi ginen bizpahiru ordutarako… eta han bai zarata egiten genuela. Eta gainera mikroak zeuden! Flipe bat! Magia! Eta ni jada hogeitapiku urte nituen… ez nintzen haur bat, ezta nerabe galdu bat ere ez. Edo agian bai. Agian oraindik nerabe bat naiz. Edo haur bat. Eta urte askotako!

Tipo horiekin Hutsik izena sortu zen, logo bat eta guzti. Gure lehen kontzertua Ibirikun izan zen, nire kuadrilako (eta gelakide izandako) Iker deitzen zen mutiko bati esker. Lagunok Garzi deitzen genuen. Garzi Ibirikuko jaiak antolatzen zebilen eta gu jotzeko irrikitan geunden. EH Sukarrak joko zuen ere. Emozioa oso handia zen… Norton! Kartelak egin ziren, eta kartelekin kamisetak… eta nik kamiseta bat erosi nuen. Nire amaren etxean dagoela uste dut. Ibirikura joan ginen, Urrian. 1997an.

Han Bernat ezagutu nuen. Nire bizitzak markatu zuen asteburu hark. Hamar liburu idatz nezake minutu eta sentsazio guztiak bilduz gero. Itzela izan zen. Bernat nire anaia bihurtuko zela ezin nuen jakin, baina norbait berezia zela berehala ulertu nuen. Bernatek egun haietan erakutsi zidana gehiegi da hemen azaltzeko. Bakarrik ez nintzela hilko ulertu nuela esango banu, agian pixkat hurbiltzen hasiko nintzateke. Sentsazio hori ez da desagertu.

Ibirikutik bueltan Gurutzek taldea utzi zuen. Barri, Urrotzek eta hirurok Bilborocken ensaiatzen jarraitu genuen. Gero eta gogorragoak ginela uste dut. Gure musika gogorra zela esan nahi dut. Jotzen genuen bertsio bakarra Latzenen “Gu Ez Gara” kanta zen. Maketa bat grabatu nahi genuen, denok bezala. Eta kontzertu gehiago jo nahi genuen ere. Orduan, Oier agertu zen… beste behin ere… nondik agertu zen ez galdetu. Baina Oierrek, Bernatek bezala, ez zuen taldekide bihurtu izan nahi. Gainera, Oier gutariko benetako musikari bakarra zen. Halere, bera ezezik bere laguna Mentxi ekarri zuen larunbata sargoritsu batean. Eta Mentxi bere gitarra atera bezain pronto taldean behar genuena aurkitu genuela ulertu genuen besteok. Mentxi fitxaje galanta izan zen. Gitarra oso ondo jotzen zuen, eta hori gutxi balitz ere, Fruizen baserri zahar bat zeukan osaba bat zuen. Fruizera bidaiatzen hasi ginen astebururo. Garai hartan Urrotzek taldeari agur esatea erabaki zuen. Eta Mentxiren lagun bat bateria jotzen hasi zen, Aiskan. Urrotzen bateriarekin, halere. Aiskanek abiadura eman zion taldeari. Mentxik indarra.

Fruizen gauzak benetazkoak bihurtzen hasi ziren. Pantera, Judas, PxPain, In Flames, Fear Factory, Sepultura… bezalako taldeak entzuten genituen garaia zen… eta Fear Factoryren bertsio bat jotzen hasi ginen, “Replica” kanta alegia… izen aproposa, nahiz eta gure bertsioa ez zen hain “replica” izan. Barrik anpli eta baxu berriak erosi zituen. Eta nik Hughes & Kettner anpli akojonante bat erosi nuen “cabezal eta pantalla”… 200.000 pela! Neukan diru guztia izan zen. Bankua hutsik utzi nuen. Barrik dena epeka erosi zuen. Nik usted dut oraindik ordaintzen jarraitzen duela. Soinua, nik uste behintzat, gero eta hobeagoa zen. Noski, esango didazu, hainbeste diruarekin… Baina nik uste gure soinua aurkitzear geundela. Ibirikun jo genuen berriro. Kartelean gure izena Skalariak taldearekin batera jarriz.

Eta ensaiatzen jarraitu genuen. Serio baino serioago. Jo eta jo. Orduak eta orduak… Abuztuakarte. 1999an. Nire urtebetze egunean, Gasteizen karrerako azken azterketak prestatzen nengoela, Ertzaintzak deitu ninduen Fruizeko lokalean lapurketa bat egon zela esateko… eta han bukatu zen dena. Mentxi eta Aiskan dei puta hori eta gero bizpahirutan baino ez nituen ikusi. Barri eta nire arteko erlazioa pikutara joan zen. Tristeegia zen guretzat, jasanezina… elkarrekin geundenean ezin genuen beste ezertan pentsatu… gure erlazioak musikan soilik zeukan iturria. Barri asko maite nuen, agian musika maite dudan bezala. Barrirekin dena ikasi nuen, eta hasiera hasieratik nire ondoan egon zen. Bata bestearengan sinesten genuen… eta nahiz eta talentorik ez genuela argi euki, zerbaitek aurrera egiten laguntzen gintuen.

Ez dut amaiera idatzi nahi… beraz hutsik utziko dut.

Bideoa hemen daukazu, eta PDFa hemen, Egoitzek bere ganbaran gordetzen duenean.

2 comentarios:

Bernat dijo...

Ba niri bideoa pila bat gustatu zait,
eta testua irakurtzeko irrikitan nago!!!
geroxeago!
Gora Hutsik eta gora gure barnean betiko utzi zuen ilusioa!

Bernat dijo...

ze ederra txo!
dokumentalarekin hasteko gogotsu naukazu, jeje, zurekin beti den bezela.
Bukaera tristea de cojones.
Ilusioz hasi zenuen hura
eta ilusioz jarraitzen duzu,
hori da dena!
MuakHaundiBat HUTSIKeko bakoitzari!